Unibertsitatea

Deusto, 'InpAkta'ren aurkezpenean (I)

Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Eva Ferreira EHUko errektorearekin eta Vicente Atxa Mondragonekoarekin batera, "InpAkta Ikerlanen Akta - Journal of Research for Social Impact" aldizkari zientifikoaren aurkezpenean parte hartu zuen otsailaren 8an. Argitalpen berri horrek eragin soziala duten gai sozial eta politikoak jorratuko ditu euskaraz eta ingelesez. 

Ekitaldian Ugo Mayor Ikerbasqueko ikertzaile eta InpAktako erredaktore burua egon zen, eta azaldu zuen InpAktak ezagutzaren arlo guztietako ikerlanak bilduko dituela. Betiere, ikasketa horiek "gizarte gisa ditugun erronkei aurre egiteko balio izateko" baldintzarekin. Aldizkariak euskaraz edo ingelesez idatzitako artikulu zientifikoak onartuko ditu. Gainera, lnpAktak laburpen bat dakar, dibulgaziozko tonuan, ikerketa bakoitzaren garrantzia transmititzeko balioko duena. Azken testu horiek orrialde batekoak dira, eta gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz daude eskuragarri. Aldizkariaren zero zenbakiak 20 azterlan biltzen ditu, eta 2025. urtetik aurrera urtean bi ale argitaratzea aurreikusten da.

Aniztasunaren balioa

"Gaur egun, unibertsitateok zeregin garrantzitsua dugu, ez bakarrik pertsonak eta herritarrak prestatzean, baita gizartearen zerbitzura dagoen ezagutza berria garatzean ere, iritzia sortzen eta politika publikoak definitzen lagunduz", adierazi zuen Juan Jose Etxeberria errektoreak hitz horiekin, eta aldizkari berri hau gizartearen espiritu kritikoa garatzeko eta ezagutzaren demokratizazioa ahalbidetzeko oso tresna ona izan daitekeela uste du. Gainera, oso positibotzat jotzen du ekimen hau 22 erakunderen lankidetzaren emaitza izatea. Izan ere horien artean daude Nouvelle-Akitaine Euroeskualdeko erakunde akademiko eta zientifiko nagusiak, Euskadi eta Nafarroa. Deustuko errektoreak gaineratu zuen lan honek "akademiatik haratago" joan nahi duela eta "dibulgazio lanetan ahalegin berezia" egingo duela. 

Eva Ferreira errektoreak bere hitzaldian azpimarratu zuenez, aldizkari hau "hutsunea betetzera dator". "Argitalpen zientifiko baten zorroztasun guztiarekin, Euskal Herrian egiten diren ikerketa-lanen nazioarteko proiekzioa indartzeaz gain, gure lurraldeetako ikertzaileen komunitatearen artean zubiak sortu eta sendotuko dituen tresna izango da argitalpena". EHUko arduradunak gaineratu zuenez, "ingelesez eta euskaraz ikerlanak aurkezten dituen argitalpen zientifiko bakarra izanik, euskara teknikoa aberastuko du".

Bestalde, Mondragon Unibertsitateko errektoreak aldizkariaren "sustatzaileen arteko aniztasuna eta hainbat gairi heltzeko bokazioa" azpimarratu zituen. Vicente Atxaren iritziz, "gai aniztasun horren inguruan sakonki hausnartzea eta haien artean dauden harremanei buruz ikertzea lagungarria izango zaigu bizi garen gizarte konplexu honek dituen erronkei egokiago erantzuteko".

Ricardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiarentzat, InpActa tresna baliagarria izango da "gizarte-eragileek, erakundeek barne, erabakiak hobeto hartzeko" eta "euskal ikerketa-sarearen sendotasunaren eta lankidetzaren isla". Azkenik, proiektu honek "euskara ikerketan eta teknologian ere lan hizkuntza dela" erakusten duela esan zuen.