Hautagaitzak
Saria emakume gazteei zuzenduta dago, gehienez 40 urtekoak, bere ibilbideaz gain aurrera begira duten proiekzioa kontuan hartuz.
- Eremua: Hautagaiak euskal herritarrak izango dira, edota, haien jarduna Euskal Herrian burutu dutenak.
- Adin tartea: Gazteei zuzendutako saria denez gehienezko adina 40 urte izango da.
- Hautagaitzak: Hautagaiek bere burua aurkez dezakete sarira, baina erakunde edo enpresa batek ere proposatu ahalko du hautagaiaren izena eta bere merezimenduak azaldu. Era berean, epaimahaiak ere aurkez ditzake hautagaitzak.
Sariak eta konpromisoak
Irabazleak jasoko duen saria 3.000 eurokoa izango da, eta hainbat konpromiso ekarriko ditu bere aldetik:
- Bideo laburra: Irabazleak bere jarduna azaltzen duen bideo laburra grabatzea antolatzaileek gazteen artean zabaltzeko.
- Ikasleei hitzaldi motibatzaileak: Antolatzaileekin adostutako eskola batean eta Kaixomundua.eus lehiaketaren sari banaketan hitzaldi bana ematea.
Epaimahaiak hautagaiak proposatu, sariak ex aequo eman, ohorezko aipamenak eman edo saria eman gabe uztea erabaki dezake.
Epaimahaia eta irizpideak
Epaimahaia ingurune digitaleko adituek osatuko dute, eta PuntuEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren onespenarekin, izendatuko du.
Epaimahaiaren erabakia sariak banatzeko ekitaldian jakinaraziko da jendaurrean. Hala ere, antolatzaileek aurretik izango dute erabakiaren berri, eta parte-hartzaileei ere esango zaie, ekitaldiaren egunera arte isilpean gordetzeko konpromisoarekin.
Sari bakarra izango da, baina epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:
- Proiekzioa: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa baloratuko da.
- Ibilbidea: hautagaiak garatu duen ibilbide profesionala baloratuko da.
- Profila: emakumeak ingurune digitaleko sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko profila izatea.
Aurrekoez gain, hautagaiaren lanean eta ibilbide profesionalean euskarak izan duen presentzia ere baloratuko da. Hautagaiaren egoera pertsonalek bere ibilbide profesionalean izandako eragin edo etenaldiak ere aintzat hartuko dira.