Lankidetzan, bosgarren urtez jarraian antolatu du Crossover. Telesailen Jaialdia. Aurtengo edizioa apirilaren 25etik 30era izango da Donostian. Jaialdiaren egoitzak Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tabakaleran egongo dira berriz ere. Ohiko eskemari eutsiko zaio, telesailak estreinatuz eta eztabaidak eta aurkezpenak eginez.
Harkaitz Millan Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, “Telesailak diskurtso berriak sortzen ari dira haien kultura-legitimazioaren bila, eta batzuetan zinemarekin eta literaturarekin alderatzen dira. Nolanahi ere, zalantzarik gabe finkatu egin dute fikzioa kontatzeko eta kontsumitzeko moduetan eragina duen joera bat”.
Edizio honetan, Crossover-ek telesailen kultura aztertzen jarraituko du ikuspegi desberdinetatik, betiere publiko zabal batean pentsatuz, dibertsioa eta eztabaida konbinatuz eta ikus-entzunezko sektoreko plataformen produkzioaren erakusleiho izatea bilatuz.
Aurreko edizioetan, Crossover hiriko kultura-programazioaren barruan finkatu izan da, estreinaldi garrantzitsuak eskainiz, hala nola Succession (HBO Max), Vida Perfecta (Movistar+), Bron-Broen (AXN España) edo Laétitia (Filmin).
Programa zabalaren barruan, telebistako sorkuntzaren erreferenteak izan ditu jaialdiak, hala nola Diego San José, Leticia Dolera, Aura Garrido, Ane Gabarain edo Mariano Barroso; kultura arloko gaurkotasunaren analistak, hala nola Lucia Litjmaer, Sergio del Molino, Rodrigo Cortés edo Jorge Carrión, eta telesailen kritikaren erreferenteak, hala nola Alberto Rey, Isabel Vázquez, Javier Zurro, Lorenzo Mejino, Marina Such edo Enric Albero.
80ko hamarkadako V telesail mitikoa gogorarazten duen kartela
V. edizio honetako kartelaren diseinua Donostiako Walijai Agentziari eskatu zaio, eta haiek diotenez, “Crossover-en aurreko kartelen ildoa hautsi nahi izan dugu, joko bat eginez bosgarren edizioari dagokion 'V' letraren eta 80ko hamarkadako telesail mitikoaren irudiaren artean. Hain zuzen ere, telesail hori telebistaz haratago joan zen eta pop kulturaren benetako fenomeno bihurtu zen. Telesailek gure garaian duten inpaktuaren adibide bat da”.
Crossover jaialdiak Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren lankidetza izaten jarraituko du, eta Donostia Turismo edo Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa bezalako aliatu garrantzitsuak izango ditu. Gainera, aurten 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin ere lan egingo du, 2deo Serieak telesail proiektuak garatzeko programaren bidez: https://www.tabakalera.eus/eu/2deo-serieak/.
Koldo Mitxelena Kulturuneak zinemaren eta telesailen alde egindako apustu honek bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua arlo horretan garatzen ari den ikus-entzunezko proiektuen babes-, sustapen- eta hedapen-ekintzekin. Besteak beste, Elias Querejeta Zine Eskolaren beraren sorrera eta eskola horretan matrikulatzeko bekak; Lanabesa laguntza ildoa, 2017az geroztik iraupen luzeko ikus- entzunezkoen 70 proiektu baino gehiago babestu dituena; edo Gipuzkoako Foru Aldundia San Sebastian-Gipuzkoa Film Comission erakundean sartzea.
Informazio gehiago
:www.crossoverseriesfestival.com