Prestakuntza

LH nafarraren eskaintza hazi da

2022-2023 ikasturterako Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintza 31 ziklo eta prestakuntza-programa gehiagotan haziko da Nafarroan, hau da, % 13ko urte arteko hazkundea izango du. Nafarroako LHko ikastetxeen sareak, guztira, 6.020 plaza presentzial eskainiko ditu, eta horietatik 495 sortu berriak dira. Horiei beste 480 plaza berri gehituko zaizkie on line prestakuntza-modalitateetan, eta horrek 975 plazako hazkunde globala ekarriko du, eskaintza osoa formatu dualean izanik. Guztira, LHko 157 ziklo eta prestakuntza-programa (273 unitate) eskainiko dira 24 lanbide-arlotan, eta, beraz, Nafarroa da Estatuan dibertsifikazio handiena duen autonomia-erkidegoa.

LHko eta Arte Plastiko eta Diseinuko eskaintza Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok eta Departamentuko Lanbide Heziketako zuzendari nagusia den Tomas Rodriguez Garrazak aurkeztu zuten.

Biek nabarmendu zuten Nafarroa “aurrerapen garrantzitsua” egiten ari dela lanbide-heziketako Europako mailetara, eta horien helburua ikasleen % 47ak hezkuntza-prestakuntza mota hori aukeratzea dela. 2018-2019 ikasturtean, zenbatekoa % 32koa zen, eta, egun, % 38ra iritsi dira, arrakala % 6 murriztuta. 2022-2023 ikasturterako aurreikusitako eskaintzarekin, Lanbide Heziketako ziklo eta programa ezberdinetan matrikulatutako ikasle-kopurua % 40ra hurbiltzea aurreikusten da.

Helburu estrategiko horrez gain, Hezkuntza Departamentuko arduradunek helburu hauek aipatu zituzten: eskaintza produkzio-sektoreek eskatzen dituzten profesional kualifikatuen premietara egokitzea, eskaintza lurraldean barrena modu ekitatiboagoan banatzea, hizkuntzak indartzeko “apustu garrantzitsua” egitea (programa elebidunak), ikasleen eta haien familien eskariari erantzutea eta LHk duen balioa indartzen joatea erakargarriagoa, malguagoa, dibertsifikatuagoa, kalitatezkoa, ikasle guztiekiko hurbilagoa eta inklusiboagoa izan dadin.

Zehazki, datorren ikasturtean eskaintza honela gehituko da: Erdi Mailako 14 ziklo berri, horietako bat on line; Goi Mailako 12 ziklo berri, denak elebidunak eta horietako 3 on line; eta 5 espezializazio-ikastaro berri (LHko masterrak deiturikoak). Ziklo berriak eskaintzeaz gain, Teknologia Aplikatuko (ATECA) beste 4 gela jarriko dira, Ekintzailetzako beste 19 gela eta, berrikuntza gisa, Gela Digital eta Esperimentazioko bat.

Eskaintza gehitzeak aurrekaririk gabeko hazkundea ekarri du LHko ikasle-kopuruari dagokionean, %21 igo baita Erdi eta Goi Mailetan, legegintzaldi honetan.

“Hazkunde handiko eta oso dibertsifikatutako” eskaintza bat da, Erdi Mailan nahiz Goi Mailan, Kualifikazioen Katalogo Nazionalean dauden 26 familietatik 24ri ematen baitie arreta, eta datorren ikasturterako hiru profil profesional berri sortu dira: mahastizaintzako eta ardogintzako goi-teknikaria, ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen errealizazioko goi-teknikaria eta uraren kudeaketarako goi-teknikaria. Gainera, eskaintzak lurralde-kohesio handia finkatzen du: izan ere, 31 unitate berritatik 16 Iruñean eta Iruñerrian kokatzen dira, 4 Tutera eta Corella inguruan eta gainerako 11 Nafarroako gainerako lurraldeetan. Eskaintza honen kostua 3 milioi eurokoa izango da Nafarroako Foru Komunitatearentzat.

Azken urteetan, hazkunde handia gertatu da irakaskuntza hauetan: Informatika eta Komunikazioak (% 109ko hazkundea), Nekazaritza (% 57), Energia eta Ura (% 200) eta Instalazioa eta Mantentzea (%50). Modu horretan, erantzun garbia ematen zaie eraldaketa digitalaren eta iraunkortasunaren arloko erronkei.

Halaber, 2021-22 ikasturte honetan, NUPekin lankidetzan, Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako prestakuntza-zikloko 60 ikaslerekin hasiera eman zaio “2+3 Talentu Plana” izenekoari; horren bitartez, modulu gehigarri batzuk eginda, 2023-24 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako edo Lan Harremanetako unibertsitate-gradua egiten hasteko moduan izango dira, eta lau ikasturtetan amaitu ordez hirutan amaitu ahal izango dute.

Lanbide Heziketako hasierako eskaintza hori herritar gehienen lanbide-izaerako prestakuntzaren oinarri bihurtu behar da, bizitzan zehar prestakuntzarekin osatu ahal izateko. Hori dela eta, Hezkuntza Departamentua “ahalegin handia” egiten ari da Lanbide Gaitasunen Egiaztapenaren eta Enplegurako Lanbide Heziketaren bidez, LHko ikastetxeen sare osoan.

Izen-ematea

Erdi eta Goi Mailetarako izena emateko egunak (telematikoki edo presentzialki) apirilaren 29tik maiatzaren 10era izango dira, eta onarpen osoko prozesua uztailean amaituko da; egon daitezkeen plaza hutsak, berriz, irailean esleituko dira. Behin betiko lehen zerrendaren matrikula uztailaren 4tik 11ra bitartean egingo da.

Kontuan izan behar da datorren ikasturtean Erdi Mailan onartzeko prozesua Batxilergoko onarpenari lotuta egongo dela.

Goi Mailari dagokionean, egunak ezin dira erabat zehaztu, NUPen onarpen-egutegiaren zain egon beharra dagoelako.

Oinarriko Maila berrirako, maiatzaren 26tik ekainaren 3ra bitartean eman ahal izango da izena, eta matrikula uztailean ofizializatuko da. Espezializazio-ikastaroen kasuan, eskaintza erdi-presentziala, eskaintza modularra eta on line prestakuntza ekainean egingo dira.