Beste Berriak

CIC energiGUNEko bost ikertzaile, munduko zientzialari garrantzitsuenen artean (II)

CIC energiGUNEko ikerlariak

1946an Frantzian jaioa, Michel Armand 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen litiozko bateria kargagarriak ikertzen -polimero solidoaren elektrolitoarekin egindako konbinazioaren bitartez-. Horri esker, besteak beste, garatu ahal izan dira ibilgailu elektrikoari lotutako teknologia nagusiak. Gaur egun, CIC energiGUNEren elektrolito solidoaren ikerketa-arloko arduraduna da, eta etorkizuneko ibilgailu elektrikoaren egoera solidoko bateria lortzera bideratutako lantalde bat koordinatzen du. Sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar, hala nola Volta Award edo Galileo Saria, eta berriki ECSk “Fellow of The Electrochemical Society” izendatu du Atlantan egin duen Kongresuan.

Elena Palomo Biltegiratze Termikoaren Arloko arduradunari dagokionez, zazpi ikerketa-proiektu handi gidatu ditu, eta FP6, FP7 eta H2020 programen ebaluazio-kide izan da. Nazioarte mailan, Energiaren Nazioarteko Agentziaren (2006-2017) Energy Conversion through Energy Storage programaren batzorde exekutiboaren Frantziako ordezkaria izan da, eta 6 urtez biltegiratze termikoko nazioarteko I+G sarerik garrantzitsuena (“Compact Thermal Energy Storage” - SHC/ECES IEA programak) gidatu du. 2021ean Arabako Emakume Profesional eta Enpresaburuen Elkarteak (AMPEA) emandako “Emakumea eta Zientzia” saria jaso zuen.

Montse Casas-Cabanas CIC energiGUNEko Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze eta Bihurketa Arloko zuzendari zientifikoa da. Bere lana energia biltegiratzeko material funtzionalak diseinatzera bideratzen da nagusiki, eta esperientzia du energia biltegiratzeko hainbat teknologiatan. Gainera, nabarmentzekoa da nazioarteko hezkuntza-programetan eta ikerketa-sareetan izan duen parte-hartzea, hala nola i-MESC edo Alistore-ERI programetan, bai eta Europa mailako baterien teknologiako berrikuntzarako ekimenetan ere, Batteries Europe izenekoan, besteak beste. Azken ekimen horretan “Teknologia Berri Emergenteak” taldeko Lider Tekniko gisa hartu du parte, eta Battery2030+ ekimenean kimika berrien gaikako lider gisa. 2021ean, Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Ikertzaile Gaztearen Saria eman zioten.

Yaroslav Grosu 2015ean sartu zen CIC energiGUNEn, bertako Fenomeno Interfazialen eta Medio Porotsuen taldeko burua da eta biltegiratze termikoko aplikazioetarako materialen garapenean zentratu du bere ikerketa. Doktorea da Kimika Fisikoko Frantziako Blaise Pascal Unibertsitatean, beste toki batzuen artean.