Beste Berriak

CIC energiGUNEko bost ikertzaile, munduko zientzialari garrantzitsuenen artean (I)

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak bost zientzialari ditu Stanfordeko Unibertsitateak eta Elsevier argitaletxe akademikoak urtero egiten duten “Ranking of the World Scientists” zerrendaren barruan. Azken ekitaldiko txostenaren emaitzak jakinarazi berri dituzte.

Michel Armand irakaslea, CIC energiGUNEko elektrokimika-arloko ohorezko zuzendari zientifikoa, Euskadiko ikertzailerik garrantzitsuena da berriro ere, adar zientifiko guztiak kontuan hartuta, eta Estatu-mailan hirugarren postuan dago jada, iazkoarekin alderatuta postu bat igota. Gainera, bere espezialitate-eremuaren barruan -energia-, Armand irakaslea bai Euskadiko, bai Espainiako ikertzailerik garrantzitsuena da, eta 14. postuan dago mundu-mailan.

Eragin handieneko zientzialarien rankingaren buruan baita ere, baina kasu honetan Ingeniaritza Mekanikoaren arloan, Elena Palomo CIC energiGUNEko Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze eta Bihurketa Arloko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasque Professor-a dago. Palomo doktorea, gainera, Ingeniaritza Mekanikoaren arloan eragin handiena duten estatu mailako ikertzaileen zortzigarren postuan dago.

Logikoa denez, CIC energiGUNEren espezializazio-eremua kontuan hartuta, Energiaren arloa erreferentea da rankingean aipatutako beste bi zientzialarirentzat. Horrela, Michel Armandekin batera, argitalpenak Montse Casas-Cabanas Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze eta Bihurketa Arloko Zuzendari Zientifiko eta Ikerbasque Research Professor-ak Euskadiko hamargarren zientzialari garrantzitsuena izaten jarraitzen du, eta Yaroslav Grosu, Fenomeno Interfazialen eta Medio Porotsuen taldeko burua, bi postu azpitik baino ez dago, adar horretan Euskadin eragin handiena duten zientzialarien artean hamabigarren postuan agertuz.

Azkenik, Kimikaren eta Fisikaren arloan, CIC energiGUNEk Euskadiko laugarren ikertzaile garrantzitsuena du, estatu-mailan ikerketa-eremu horretan 19. postuan dagoen eta adar zientifiko guztiak kontuan hartuta Euskadiko ikertzailerik ospetsuenen artean 58.a den Javier Carrasco, hain zuzen.

Hilabete honetan ezagutzera eman den “Ranking of the World Scientists” zerrendak 2023an egindako jarduera zientifikoari buruzko informazioa jasotzen du. Esparru zientifikoko nazioarteko erreferentzia nagusitzat hartzen diren argitalpen horren datuak mundu osoan biltzen dira, argitaratutako ikerketen eraginaren arabera -210.000 ikertzaile baino gehiago aipatzen dira-, zenbait faktore kontuan hartuta, hala nola egilekidetza edo auto-aipamenen ehunekoa. Indexatutako argitalpen zientifikoen eraginarekin zuzenean erlazionatutako parametro normalizatu batzuen analisi konbinatua ere hartzen da kontuan. Ikerlanak ikertzaileen ibilbide profesional historikoaren zein aztertutako azken urtean egindako lan espezifikoaren ikuspegia ematen du.

Ibilbide profesional historikoaren kasuan, nabarmentzekoa da Michel Armand irakaslea 10. postuan dagoela mundu mailan, energiaren arloan, eta horrek agerian uzten du bere ibilbidearen balio paregabea eta CIC energiGUNEn egindako lanaren garrantzia.