Merkaturatze-bileran adierazi zen bezala, munduan 300 milioi tona plastiko ekoizten dira urtero, eta ehuneko txiki bat baino ez da birziklatzen (% 9 baino gutxiago, Nazio Batuen Ingurumen Programaren arabera). % 12 erraustu egiten da eta gainerako % 79ak kutsadura arazo handiak sortzen ditu. Hori dela eta, WASTE2H2 hondakin plastikoek eragindako arazoa modu eraginkorrean eta iraunkorrean konpontzen laguntzeko potentzial handiko tresna da.
Izan ere, topaketan aipatu zen hondakin plastikoak balorizatzeko hainbat modu daudela. Horien artean birziklatze kimikoa dago, pirolisia edo gasifikazioa, esaterako. Oso interesgarriak dira, industriarako lehengaiak edo/eta energia lortzeko aukera ematen baitute, baina soluzio horietako gehienak ez dira oso selektiboak, ekonomikoki ez dira oso bideragarriak edo inplementatzen zailak dira. Birziklatze kimikoaren testuinguru horretan, sistema katalitiko berritzaileak eta mikrouhin bidezko irradiazioa konbinatzen dituen WATSE2H2 proposamenak, nahiko modu sinplean, urrats bakar batean eta era selektiboan hidrogeno garbi merkea eta hainbat aplikazio dituen karbono-materiala ekoizteko ahalmena du.
WASTE2H2 proiektua CIC energiGUNEk koordinatzen du, eta Erlangen-Nürenberg-eko Friedrich-Alexander Universität-ek (FAU) eta Parisko Kimikako Goi Eskola Nazionalak (i- CLeHS) hartu dute parte, baita IoLiTec eta SENER Ingeniería y Sistemas enpresek ere, eta Sener Mobility-k erakunde afiliatu gisa.
CIC energiGUNEri buruz
CIC energiGUNE erreferentziazko zentroa da energia elektrokimikoaren biltegiratzean (bateriak eta kondentsadoreak), energia termikoaren biltegiratzean eta konbertsioan eta hidrogenoaren teknologietan. Bere 12 urteetan, CIC energiGUNE nazioarteko erreferente nagusietako gisa finkatu da egoera solidoko baterien arloan, eta Europa hegoaldeko erreferentzia nagusia bihurtu da energiaren biltegiratzean. BasqueResearch&Technology Alliance-BRTAko kide ere bada.
2011n abian jarri zenetik, CIC energiGUNEk 303 I+G proiektutan hartu du parte, horietatik 40 baino gehiago Europa mailakoak, 1.000 argitalpen zientifikotik gora ditu eta ehun proiektu baino gehiago gauzatu ditu industriarekin lankidetzan, horrela industriako produktuen eta zerbitzuen lehiakortasuna hobetzen lagunduz. Horretarako, CIC energiGUNEk instalazio bereziak ditu, eta horien artean, biltegiratze elektrokimikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testatze azpiegiturak azpimarratu behar dira.
Proiektu honek Europar Batasuneko Horizonte Europa ikerketa eta berrikuntza programaren finantziazioa jaso du Europako Berrikuntza Kontseiluaren bidez, 101130249 zenbakidun dirulaguntza akordioaren arabera.