Uniozio

Cate Blanchett, aurtengo Zinemaldiko protagonista (IV)

Espainiako Zinema

Iciar Bollain, Pilar Palomero, Albert Serra eta Pedro Martín-Caleroren debuta Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian ariko dira Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan.

Soy Nevenka / I'm Nevenka filmean, alkate baten jazarpena salatzera ausartzeagatik ondorio latzak pairatu zituen zinegotzi baten benetako istorioa kontatzen digu Iciar Bollainek (Madril, 1967), eta bosgarrenez parte hartuko du zuzendariak lan horrekin Sail Ofizialean. Te doy mis ojos / Take My Eyes (2003), Mataharis (2007), Yuli (2018) eta Maixabel (2021) filmen egileak, film horiekin Zinemaldiko hainbat sari erdietsi ondoren, berriz ariko da lehian Urrezko Maskorra beretzeko, oraingo honetan, Mireia Oriolen eta Urko Olazabalen antzezpena duen obra honekin. 

Sail Ofizialaren parte izango da, halaber, El llanto / The Wailing, Pedro Martín-Calero (Valladolid, 1983) film laburren eta musika- eta publizitate-industriarako lan ugariren egileak zuzendutako lehen film luzea. 

Pilar Palomerok (Zaragoza, 1980) bere hirugarren film luzea aurkeztuko du, Los destellos / Glimmers, Eider Rodríguez idazlearen Bihotz handiegia kontakizunean inspiratua. Patricia López Arnáiz, Antonio de la Torre, Marina Guerola eta Julián López dira protagonista nagusiak hamarkada batetik gora bananduta eman arren senar ohi gaixoa zaintzeko lana onartzen duen emakume bati buruzko istorio honetan.

Bestalde, Albert Serrak (Banyoles, 1975) lehen aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean Tardes de soledad filmarekin; tauromakiari buruzko ez-fikziozko film honetan, toreatzaileak zezentokian bizi dituen egoera mental eta espiritualak jorratzen dira.