Kurosawak berak 1998an zuzendutako izen bereko filmaren -hamar urte geroago
Halaber, Mike Leigh britainiarra (Salford, 1943) ere Sail Ofizialean izango da lehendabizikoz. Hard Truths ekoizpen ingeles-espainiarraren protagonistak Marianne Jean-Baptiste eta Michele Austin dira; Leighek Londresko familia baten eguneroko bizitza deskribatzen digu bere lan berrian, bai eta familia-harremanak, dolua eta osasun mentala ere, besteak beste.
Diego Lerman (Buenos Aires, 1976) hirugarrenez lehiatuko da Zinemaldian El hombre que amaba los platos voladores obrarekin; Argentinako telebistan estralurtar-presentziaren ikus-entzunezko sorkuntzarik gogoangarriena kontatzen digu zuzendariak bere lan berrian.
Sail Ofizialak The End ere hartuko du, Joshua Oppenheimerrek (Austin, Texas, 1974) zuzendutako lehen fikziozko pelikula, hain zuzen ere. Tilda Swinton, Michael Shannon, George MacKay, Bronagh Gallagher eta Tim McInnerny nabarmentzen dira, antzezle-zerrendan, mundua amaitu eta bi hamarkada geroago bunker batean bizirik dirauen familia aberats bati buruzko musikal distopiko honetan.
François Ozonen (París, 1967) Quand vient l'automne / When Fall Is Coming filmeko protagonistak Hélène Vincent, Josiane Balasko, Ludivine Sagnier eta Pierre Lottin dira, eta emakume erretiratu baten istorioa kontatzen digu frantziarrak bertan (gizon bat -lagun baten semea, espetxetik atera berria- ezagutu eta bizitza aldatu egingo zaio protagonistari).
Audrey Diwanen Emmanuelle filmak ere parte hartuko du Sail Ofizialean (zehazki, lehiaketa inauguratuko du), bai eta Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren ekoizpen espainiar hauek ere (duela gutxi iragarri dira): Soy Nevenka / I am Nevenka, Iciar Bollainena; El llanto / The Wailing, Pedro Martín-Calerorena; Los destellos / Glimmers, Pilar Palomerorena, eta Tardes de soledad, Albert Serrarena.