Uniozio

Cate Blanchett, aurtengo Zinemaldiko protagonista (II)

Sail Ofiziala

Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozonen film luze berriak Urrezko Maskorra beretzeko lehian ariko dira, Laura Carreira eta Xin Huoren lehen lanekin batera, horiek ere Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko (irailaren 20tik 28ra) Sail Ofizialean barne hartuta egonik.

Maite Alberdik (Santiago, 1983) lehendabizikoz hartuko du parte Urrezko Maskorra lortzeko lehian fikziozko bere lehen film luzearekin; zehazki, El lugar de la otra Alia Trabucco Zeránen Las homicidas entseguan jasotako kasuetako baten egokitzapena da. María Carolina Geel idazleak 1955ean bere maitalea tiroz hil zueneko benetako istorioa kontatzen digu Alberdik. 

Eskoziako biltegi handi bateko langile portugaldar baten bizitza prekarioa deskribatzen digu Laura Carreirak (Porto, 1994) On Falling bere lehen film luzean. 

Pamela Anderson, Jamie Lee Curtis eta Dave Bautista dira The Last Showgirl Gia Coppolaren (Los Angeles, 1987) lan berriko aktore nagusiak; Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020) dira zinemagilearen beste bi lan, Veneziako Mostran emanak biak. Coppolaren filmaren protagonista nagusia showgirl beterano bat da, 30 urte ikuskizun batean lanean eman ondoren ikuskizun hori bukatu eta bidegurutzean kokatuko dena.

Donostia Sariarekin omendua 2019an (urte horretan proiektatu zen, hain justu, Adults in the Room), Costa-Gavras errealizadore frantziar-greziarra (Loutra-Iraias, 1933) Sail Ofizialera itzuliko da; Sail Ofizialean aurkeztu zuen, halaber, Le capital (2012). Le dernier souffle / Last Breath da zuzendariaren lan berria, eta zainketa aringarrietako mediku baten eta idazle baten bizitzei buruzko gogoetak biltzen dira bertan. 

Edward Berger (Wolfsburg, 1970) Conclave filmarekin lehiatuko da Sail Ofizialean aurten; alemaniarraren aurreko filma, Im Westen nichts Neues (2022), hainbat Oscar sariren irabazle izan zen (nazioarteko film onenaren Oscar saria, besteak beste). Film berrian, Ralph Fiennesek kardinal baten rola antzezten du. Aita Santua bat-batean hil ondoren, haren oinordekoa hautatzeko konklabea gainbegiratu beharko du protagonistak. 

Shower (1999), Kung Fu Hustle (2004), Curiosity Kills The Cat (2006) eta The Monkey King (2014) filmetan gidoigile izan ondoren, Xin Huo txinatarrak (Beijing, 1980) Bound in Heaven pelikularekin egin du debuta zuzendari gisa. Gaixotasun terminala duen gizon baten eta indarkeriak harrapatutako neska baten gorabeherak kontatzen dizkigu oraingoan zinemagileak; erlojupeko ihesaldia hasiko dute bi protagonistok hainbat hiritan zehar.

Hebi no michi / Serpent's Path filma ere emango da lehiaketan, Kiyoshi Kurosawak (Kobe, 1955) zuzendua, alabaren heriotza basatia mendekatzeko plan bat antolatzen duen gizon bati buruzkoa. Frantsesez filmatua, Ko Shibasaki, Damien Bonnard eta Mathieu Amalric ditu protagonista filmak.