Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurreneko ekitaldiekin jarraituz, Iruñeko Udalak ibilbide musikal bat proposatu du hiriko hainbat plazatan zehar, Iruñean ohikoa den bermuta hartzeko ohituraren osagarri gisa.
Irailaren 16an, larunbatarekin hasi eta urriaren 8ra bitarteko lau asteburuetan, hainbat musika-taldek, kantautorek, fanfarrek eta gaita-jotzailek emanaldiak eginen dituzte Iruñeko auzo ezberdinetan, eguerdiko 12:30etik 14:30era.
Musika-ziklo berri horren bidez, herritarrak familiarekin eta lagunekin eguerdian janaurrekoaz gozatzeko elkartu ohi diren auzoetako plazak eta txokoak alaitu nahi dira.
Bermutean ekimenak Batasunaren Pribilegioaren espirituari jarraipena eman nahi dio, kasu honetan, hiriko hainbat tokitan musika eta ostalaritza uztartuz. Zikloa bi auzotan egingo da asteburu bakoitzean, bi saiotan, 12:15ean eta 13:30ean, eta Pop Rocketik folkeraino doazen hainbat estilotako musika-taldeek parte hartuko dute, besteak beste, Musas y fusas, Proud Marys, Gussy, Maider Lecumberri, Adriana Olmedo, Raúl Vital eta Go & Go DJek.
Tokiko musikak ere bere lekua izango du fanfarre edo herri-musikako taldeen eskutik, esaterako: Donibaneko gaita-jotzaileak, Joaquín Mayako txistulari-taldea, Lau Haize eta Zuperri fanfarreak, Oskia txistu-taldea, Willy Folk eta Viva la música abesbatza.
Gainera, urriaren 1ean (igandea), eta urriaren 7an (larunbata), bi auzotan emango dira kontzertuak, eta kalejira egingo da Ziripot txarangarekin eta Lezkairuko gaiteroekin.
La Pamplonesak ere parte hartuko du zikloan, Iturrama auzoko Felix Huarte plazan, 12:15ean. Udal bandak kontzertu-ziklo berri bat abiatuko du Gayarre Antzokian, baina egokitzeko-lanengatik itxita jarraitzen duenez, bere lehen zikloko kontzertua izango litzatekeena aire zabalean eginen da.