Lehendakariak ezinbestekotzat jo zuen gizonek bi eremu nagusitan urratsak ematea: “zaintzan eta etxeko lanetan eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren prebentzioan”. Eta beste bat gehitu zuen: “Berdintasunaren transmisioa”. Bere hitzetan, "belaunaldi berriei erakutsi behar diegu badagoela gizon izateko beste modu bat, badagoela harremanak izateko beste modu bat, berdintasunean oinarrituz”.
Bestalde, Beatriz Artolazabalek adierazi zuenez, duela hamabost urte, “Emakundek Gizonduz ekimena sortu zuenean, gure herrian berdintasuna lortzeko ezinbesteko bide bati ekin zitzaion, eta mezu hau helarazi zion gizarteari: gizonen inplikazioa funtsezkoa da berdintasunezko gizartea lortzeko”. Sailburuak duela 15 urte Gizonduz sortu eta bultzatu zuten pertsonen ekarpen baliotsua eskertu du. Adierazi duenez, “etorkizunera begira gaude, hurrengo belaunaldia berdintasunarena izatea nahi dugulako, eta etorkizuna erronkaz beteta aurkezten zaigulako”.
Ohartarazi zuen, halaber, berdintasunaren aurkako diskurtsoak azaleratzen ari direla; izan ere, bere ustez, “berdintasunaren aurrerapenaren sintoma dira, aurrera pausoen aurreko erreakzioa, baina erne egon behar dugu horien aurrean”. Sailburuak gogorarazi zuenez, azaroaren 25ean sentsibilizazio-kanpaina bat abiatu da gizonentzat, “desberdintasunaren aurka matxinatzen diren eta gizonen korporatibismoa hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa delako indarkeria geldiarazteko”.
Inaugurazioaren ondoren, maskulinitateen aditu eta Equimundo-ko zuzendari den Gary Barkerrek hitzaldi bat eskaini du politika publikoen bidez gizonekin lan egiteko gakoak emanez, Gizonduz ekimenaren koordinatzaile Ander Bergararekin batera. Ondoren, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Gizonduz-en 15 urteko ibilbideari buruzko datuak eta ondorioak eman zituen mahai-inguru batean. Mahai hori Nafarroako, Kanarietako Emakumeen Instituetako eta Bartzelonako Udaleko Berdintasun zuzendariarekin Eva Isturizekin, Kika Fumerorekin eta Laura Perezekin (EUDELeko Eukene de Miguelek moderatuta) partekatu zuen. Bere hitzetan, Gizonduz «apustu ausarta» izan zen, gizonekin eta maskulinitateekin lan egitea hain ohikoa ez zen garaian, eta orain baino gehiago zegoen zalantzan. “Hamabost urte geroago, ekimen aitzindari eta erreferente bihurtu da Euskaditik kanpo ere”, esan zuen.