Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera inauguratu zuen abenduaren 14an “Gizonak, maskulinitateak eta politika publikoak. Berdintasunarekiko konpromisoa” nazioarteko kongresua Gasteizeko Europa Jauregian.
Kongresuak Emakunderen Gizonduz ekimenaren 15 urteko ibilbidea omentzen du. Programa horren helburua gizonek berdintasunaren alde parte hartzea, kontzientziatzea eta inplikatzea sustatzea da. Proiektu hori, hasiera-hasieratik, emakumeen ahalduntze-lanaren osagarri eta indargarri gisa bideratu zen. Hain zuzen ere, lehendakariak bi osagai horiek nabarmendu zituen berdintasuna lortzeko funtsezkotzat: “Emakumeen ahalduntzea eta gizonek berdintasunarekin duten inplikazioa dira, konbinatuta, berdintasunezko gizarte baterantz eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz aurrera egitea ahalbidetzen diguten bi osagaiak”.
Urkulluk gogora ekarri zituen gizonak berdintasunarekin inplikatzeko nazioarteko agindu eta akordioak, hala nola Beijingo Adierazpena, 2030 Agenda edo Europako Kontseiluak 2014an onartutako Istanbulgo Hitzarmena. Lehendakariaren hitzetan, “Euskadi aitzindaria izan da konpromiso horiek hartzen; gure berdintasun-politika publikoen bidez egin dugu, eta, zehazki, Emakunderen Gizonduz programaren bidez, eta berdintasunaren bide horretan aurrera egiten jarraitzen dugu”.
Aurrera egiteko beste tresna batzuen artean, emakumeen eta Gizon eta Emakumeen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Lege berria nabarmendu zuen, printzipio orokorren artean jasotzen baitu botere publiko guztiek zeharka sustatu behar dutela gizonek berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka kontzientziatzea, parte hartzea eta inplikatzea. Honekin batera, aipatu du Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako Indarkeriarik Gabeko Bizitzaren aldeko Herri Ituna ere eta euskal gizarte osoa atxikitzera gonbidatu zuen.