Uniemakume

Baimenik gabe ahoan musu bat ematearen prezioa (I)

Asteak pasa dira Luis Rubialesek, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak ahoan musu bat eman zionetik Jenni Hermosori inongo baimenik gabe, Emakumezkoen Espainiako Selekzioak Munduko Txapelketa irabazi ostean. Erreportaje zabal honetan, gertaera horrek ekarritako jazoera guztien laburpen bat eskainiko dizuegu.

Abuztuaren 20an, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF, gaztelaniaz) presidenteak ahoan musu eman zion Jennifer Hermoso selekzioko jokalariari Munduko Txapelketan finaleko garaipena ospatzeko ekitaldian, zehazki, dominak banatzeko unean. Irudiak biral bihurtu ziren sare sozialetan, eta hainbat buruzagi politikoren gaitzespena eragin zuten, besteak beste Irene Montero Espainiako Gobernuko jarduneko Berdintasuneko ministroarena. Monteroren aburuz, gertatutakoa "sexu-indarkeria" zen. Sumarrek, bere aldetik, Rubialesen dimisioa eskatu zuen.

Espainiak Ingalaterra garaitu osteko irudietan ikusi zenez, Rubialesek burutik oratu zion, eta, baimenik gabe, musu eman zion ahoan Hermosori. Ondoren, aldageletan zuzenean sare sozial baten bidez zabaldutako irudietan, honakoa esan zuen emakume jokalariak: "Ez, ez zait gustatu (…) Baina zer egin dezaket? Begiratu niri, begiratu".

Gerora, Federazioak EFEri bidalitako adierazpenetan, gertatutakoari "buelta gehiago ez emateko" eskatu zuen, eta "Munduko Txapelketa irabazteak emandako erabateko zoriontasunaren eraginez izandako bat-bateko keinu bat izan da, elkarren artekoa". Jokalariaren esanetan, "presidenteak eta nik harreman oso ona dugu, gu guztiokin hamarreko jarrera eduki du, eta keinu naturala izan da, maitasunezkoa eta esker onekoa".

Rubialesek bi minutuko bideo bat zabaldu zuen Federazioaren bidez desenkusatzeko. Bertan onartzen zuen "ziurrenik" oker jokatu zuela eta "ez zela, bi aldeetako batetik ere, inolako intentzio txarrik egon" esaten zuen.
Gertakari matxistak oihartzun handia izan zuen sare sozialetan -"Rubiales" joera nagusienen artean zegoen X sarean, lehen Twitter zen horretan-. Irene Montero jardunean dagoen Espainiako Berdintasun ministroak oso gogor kritikatu zuen: "Onespenik gabe musu bat ematea ez da 'gertatzen den zerbait'. Emakumeok egunero jasaten dugun sexu-indarkeriaren mota bat da, orain arte ikusiezina zena eta normalizatu ezin dena".

Monteroren hitzetan, jokaera horiekin amaitzea "gizarte guztiaren egitekoa da. Onespena erdigunean. Bai bakarrik da bai".

Sozialisten partetik, Adriana Lastra PSOEren diputatuak esan zuen Rubiales "nazkagarri" bat zela, eta dimisioa "gaur bertan" aurkeztu beharko lukeela. "Denagatik. Partidan zehar izan zuen jarrera onartezinagatik, jokalariak behartu ditzakeela eta hori barregarria dela uste izateagatik, eta herrialdearen erdia iraintzeagatik", idatzi zuen X sare sozialean.

"Zaurgarri sentitu nintzen"
Jenni Hermosok, Espainiako selekzioarekin munduko txapeldun izandako futbolariak, gezurtatu egin zuen Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak Ezohiko Batzarrean emandako bertsioa, eta adierazi zuen "inoiz" ez zuela baimendu ahoan jaso zuen musua, eta aitortu zuen "zaurgarri eta eraso baten biktima" sentitu zela.

"Argitu nahi dut inoiz ez niola musu emateko baimenik eman, eta ez nuela inola ere lehendakaria altxatu nahi izan. Ez dut onartzen nire hitza zalantzan jartzea eta are gutxiago esan ez ditudan hitzak nere ahotan jartzea", esan zuen Jenni Hermosok komunikatu batean.