Antonio Aranzabal Fundazioak 2024ko “Antonio Aranzabal saria” eman zion apirilaren 18an Munilla familiari. Sariarekin, Fundazioak enpresa-familia horren ibilbidea aitortu nahi izan du, nazioartekotzearen, ekintzailetzaren eta lankidetzaren bidetik enpresa-proiektua sendotzea lortu baitu. Saria emateko ekitaldia Familia Enpresaren XXIV. Jardunaldian egin zen, Donostiako campuseko Deusto Business Schoolek, Antonio Aranzábal Fundazioarekin batera, 2000tik antolatzen duen ekitaldian. Aurtengo edizioan, “tradizioa eta berrikuntza uztartzearen” inguruan mintzatu ziren hiru hizlari nagusiak: Lander Guibelalde Arrizabalaga, HINE Groupeko kontseilari ordezkaria eta bigarren belaunaldiko kidea; José Luis Escobar Castañeda, Berdea SATeko zuzendari nagusia eta bigarren belaunaldiko kidea; eta Albert Campabadall, Grupo SIFUko presidenteordea eta bigarren belaunaldiko kidea. Jardunaldian izan ziren, halaber, Jokin Perona, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzetako diputatua; Ane Insausti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua; Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko zuzendaria; Eduardo Junkera, Adegiko presidentea; José Miguel Ayerza, Adegiko zuzendari nagusia; Gaizka Zulaika, AEFAMEko zuzendaria; Zenón Vázquez, Elkargiko zuzendari nagusia, Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea; Víctor Urcelay, Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektoreordea eta Álvaro de la Rica, Deusto Business Schooleko dekanoa, besteak beste.
Familia Enpresaren Katedrak aurrera eramaten dituen jarduerak gogoratzeko tarte bat ere izan zen, horien artean, Familia Enpresa eta Talentua Praktikak programaren 3. edizioa aurkeztu dute Antonio Aranzabal Fundazioak, Rural Kutxak eta Deusto Business Schoolek. Ekimen horretan lagundu dute lurraldean errotutako familia enpresek, talentu gaztea hartu baitute beren proiektu estrategikoetan parte hartzeko. Eta Lacor eta InterAlloys kasuak aurkeztu dira, Familia Enpresen eta Familia Enpresaburuen Bildumari gehituko zaizkionak, orain dela 11 urtetik hona, Katedrak lurraldeko familia enpresaburuen ekarpena aitortzeko egindako apustuari lotuta. Horrekin guztiarekin gazteei lagundu nahi zaie lurraldean errotutako enpresen proiektu interesgarrietan parte hartzen; lurraldean errotutako familia enpresa lehiakor eta dinamikoen ekarpena ikusarazi eta aitortu nahi da; eta, bide horretatik, Gipuzkoaren erakargarritasuna handitu.
Antonio Aranzabal Fundazioa eta Deusto Business School
Antonio Aranzábalek sortu zuen Antonio Aranzábal Fundazioa 1988an, gizartearen aurrerabidean laguntzeko, familia ekintzaileak errotzearen, enpresak garatzearen eta talentu gaztea sustatzearen bidetik. Helburu hori lortzeko, Fundazioak urtero sariak eta bestelako pizgarriak ematen ditu ekintzaileei laguntzeko eta haien ekarpena aitortzeko, beren prestakuntzan lagunduz, eta, beren ibilbidearen arabera, enpresaburu gisa izan dituzten lorpenak aitortuz.
Fundazioak asmo handiko lankidetza programak ditu bi unibertsitaterekin: Deustuko Unibertsitatea, Familia Enpresaren Katedraren bidez, eta Nafarroako Unibertsitatea, jasangarritasunaren inguruko proiektuen bidez. Novia Salcedo Fundazioarekin ere lan egiten du, Pegasus proiektua babesten, gazteen enpleguari laguntzeko, 2013an abian jarri zenetik.
Antonio Aranzabal Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzak aurten 24 urte bete ditu. Lankidetza horri esker, familia enpresaren arloko hainbat ekimen bultzatzen dira, bi erakundeen arteko Familia Enpresaren Katedraren bidez.