Beste Berriak

Adimen Artifizialeko Graduaren lehen promozioa amaitua

Euskal Herriko Unibertsitatearen Informatika Fakultatea izan zen Estatuan sorturiko lehen hiru fakultateetako bat, eta haren ikertaldeek 40 urtetik gora daramatzate lanean Adimen Artifizialaren (AA) alorrean. 2020an, berriz ere aitzindari izan zen Adimen Artifizialeko lehen Gradua sortzen, eta orain ikasketak amaitu dituzte lehen 25 gradudunek, Adimen Artifiziala gizartearen hainbat eremutan garatzen lagunduko duten profesionalak izango direnak, zalantzarik gabe.

“Duela ia 50 urte -azaldu du Alexander Mendiburu Alberro UPV/EHUren Informatika Fakultateko dekanoak-, gure fakultatea aitzindari izan zen informatika ikasketak eskaintzen, eta Adimen Artifizialeko Gradua sortuz bere lidergoa erakutsi du berriro ere. Azken lau hamarkadetan, ikastegiko irakasle-ikertzaileak lanean aritu dira AAren hainbat eremutan; hala nola hizkuntza naturalaren prozesamenduan, ordenagailu bidezko ikuspenean, ikaskuntza automatikoan edo robotikan. Horri esker, kalitatezko prestakuntza programa eskaini zaie ikasleei, aproposa haien karrera profesionala garatzeko etengabe hazten ari den arlo batean”.

Gradu berri hau aitzindaria da estatuan eta helburutzat du profil profesional berriak prestatzea AAn. Dekanoak gaineratu duenez, “profil horiek gai izango dira, AA teknikak hainbat testuingurutan aplikatzeko ez ezik, hurbilketa berriak identifikatu, diseinatu eta garatzeko ere, balio erantsia eta ezagutza berriak sortuz hainbat sektoretan; hala nola biomedikuntzan, industrian edo hezkuntzan. Adimen Artifiziala da gaur egun lehentasuna duen ikerketa, garapen eta berrikuntza arlo bat, bai estatuan bai nazioartean, eta lagungarri izango zaigu arrakastaz heltzeko desafio sozial eta industrial berriei. Zorionez, dagoeneko baditugu horretarako gure lehen gradudunak, etorkizunean beste promozio batzuk batuko zaizkienak”.

Ainhize Legarreta García da UPV/EHUren Informatika Fakultatean AAn graduatu den lehen pertsonetako bat, eta aitak bultzatuta erabaki zuen gradua ikastea, Adimen Artifizialean etorkizun oparoa izango zuela iritzita. “Nahiko ona naiz matematikan eta informatika ere asko interesatzen zait. Beraz, biak bateragarri egiteko, pentsatu nuen zer hobeagoa matematikako zein informatikako titulazio bat aukeratzea baino. Orduan, puri-purian zegoen Adimen Artifiziala, eta gradu hau aukera ona zen niretzat”. Ainhizek 19 ikaskide izan ditu ikasgelan azken lau urteetan. “Hain gutxi izanik, prestakuntza nahiko pertsonalizatua izan da, baina orduak eta ahalegina ere eskaini behar zaizkio, beste ikasketa batzuetan bezala. Oso gustura egon naiz. Ikastegia txikia da, denok ezagutzen dugu elkar, eta gure ikastaldea txikia izan da. Familian bezala egon gara”.

Gradu berria zenez, dena deskubritzeke zuen Ainhizek, eta lau urteren ondoren emaitza oso ona izan da. “Gradua hasi aurretik nituen aurreikuspen guztiak bete dira. Esan ziguten ez zitzaigula lanik faltako, eta hirugarren edo laugarren mailan enpresetan praktikak egiten edo lanean arituko ginela, eta hala izan da”. Hala ere, Ainhizeren asmoa da Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra egitea, AA aplikatzeko hezkuntzan, “sortuko diren proiektu polit batzuetan”. Ainhizek bere eskuetan du etorkizuna.