Unibertsitatea

Ada Byron Saria banatu da Deustuan (II)

Bestalde, Sara García Alonso, gazte saria jaso zuena, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) ikertzaile titularra da, eta Europako Espazio Agentziako (ESA) astronauten erreserbako kidea. Bioteknologian lizentziatu zen Leongo Unibertsitatean eta, unibertsitateko karreran zehar, hainbat laborategitan trebatu. Biomedikuntzako espezialitateko Masterra egin zuen. Ondoren, Minbiziaren Ikerketa Zentrora joan zen (2013-2018), eta han Minbiziaren Biologia Molekularrean eta Medikuntza Translazionalean cum laude doktoratu zen. Medikuntzako doktore-tesirik onenaren Sari Berezia jaso zuen Salamancako Unibertsitatean. Tarte horretan zehar, minbizi mota desberdinetako diana terapeutikoak eta botikekiko erresistentzia-mekanismoak identifikatzen lan egin zuen. 2019an, Mariano Barbacid doktorearen laborategira batu zen CNIOn, eta aurrerapen esanguratsuak egin ditu KRASek bultzatutako biriketako adenokartzinomaren azterketan. Haren lana eragin handia izaten ari da minbizi mota horren aurkako terapiak identifikatzen. 2022an, Astronauten Europako Taldean erreserbako astronauta izateko hautatu zuten, eta toki hori lortu zuen lehen emakume espainiarra izan zen.

Ehun eta hirurogei hautagai baino gehiago

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Sariaren X. edizio honek marka guztiak gainditu ditu, 166 hautagaitza jaso eta ebaluatu baititu. Hamargarren edizio honetako hautagaiek talentu eta trebetasun sorta zabala osatzen dute Espainiako esparru teknologikoan. Emakume horiek konpromiso bikaina erakutsi dute beren arloetan, eta nabarmen lagundu dute berrikuntzan eta aurrerapen teknologikoan. Profilen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: ikerketako ekoizpen zientifiko zabala, Garapen Jasangarrirako Helburuekiko konpromisoa, zabalkundea eta teknologiaren bidez giza osasuna eta ingurumena hobetzeko bokazioa.

Ohikoa denez, parte hartzen duten emakume teknologoak jatorri geografiko askotakoak dira, bai eta era askotako prestakuntza jasoak ere. Bereziki nabarmentzekoak dira Bioteknologia, Aeronautika, Kimika, Nekazaritzako Ingeniaritza, Industria eta Konputazio eta Elektronika arloetako profesionalak. Hautagaiak hainbat sektoretakoak dira, besteak beste, akademiakoak, industriakoak, ekintzailetzakoak eta gobernu-esparrukoak, eta horrek erakusten du teknologiak duen aplikazio zabala.

Espainiako edizioaz gain, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak beste bost sari ditu Amerikako bost herrialdetan: Mexikon, Argentinan, Uruguain, Kolonbian eta Txilen; lanean ari dira Brasilera zabaltzeko ere.
Espainiako edizioan, hamar urte hauetan honako hauek izan dira sarituak: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantikoen” ikertzailea; Nuria Oliver, Telefónicako I + G-ko zuzendaria; Regina Llopis Rivas, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematikako doktorea; María Ángeles Martín Prats, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko saileko irakasle titularra; Concepción Alicia Monje Micharet, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titularra; Laura María Lechuga Gómez, Kimika Zientzietako lizentziatua eta COVID-19aren inguruko ikerketen barruko europar proiektuetako bateko koordinatzailea; Elena García Armada, industria ingeniaritzako doktorea, CSICeko ikertzaile zientifikoa eta Marsi Bionics-eko presidentea, eta Lourdes Verdes Montenegro, behaketa erradioastronomikoetako zientzialari eta ikertzaile espezialista.

Bestalde, Ada Byron gaztearen irabazleak honako hauek izan dira aurreko edizioetan: Ana Freire, Informatikako ingeniaria eta doktorea, Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea; Susana Ladra González, Informatikako doktorea eta Matematikan graduatua; Jordina Torrents Barrena, Pompeu Fabra Unibertsitateko doktorea adimen artifizialaren arloan; eta Julia Guiomar Niso Galán, Ingeniaritza Biomedikoan doktorea eta Alzheimer gaixotasunaren markatzaile goiztiarren ikerketako ikertzailea.