Unibertsitatea

Ada Byron Saria banatu da Deustuan (I)

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak aurten X. ediziora heldu den Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Saria eman zuen uztailaren 13an Madrilen. Saridunak hauek izan ziren: María José Escalona Cuaresma sevillarra, senior kategorian, eta Sara García Alonso leondarra, 35 urtetik beherakoen kategorian.

Agintari hauek hurbildu ziren ekitaldira: Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoa, Teresa Riesgo Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkaria; Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, baita Unibertsitateko beste agintari batzuk eta saria babesten duten beste entitate publiko eta pribatuetako ordezkariak ere. Aurten, gainera, saria X. ediziora iritsi denez, saria jaso duten beste emakume batzuk ere izan ziren. Horietatik hiru izan ziren parte-hartzaile ekitaldian: Asunción Gómez, 2015eko Ada Byron sariduna eta Real Academia de la Lenguako kide hautatu berria; Concepción Monje, 2019ko Ada Byron sariduna; eta Laura Lechuga, 2020ko Ada Byron sariduna eta Ikerketa Sari Nazionala jasoa.

Sariak helburu nagusi hauek ditu: ikerketa esparruan eta garapen teknologikoan emakumezkoen bokazioak sustatzeko, bizitzako eta gizarte garapeneko esparru guztietan teknologiari ospea ematea, baita lan eta ikasketa horiek emakumeek egin izanak zelako ekarpena egin dion gizateriari erakustea eta balioa aitortzea ere.

Sariaren urrezko babeslea Microsoft da, baita Red Hat, Bizkaiko Foru Aldundia, Danobatgroup eta Emakunde ere, eta babeslea Innobasque da.

Zientzia eta teknologia, etorkizunaren oinarri

Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoak azpimarratu zuen “Unibertsitateek gizarteari aurrean planteatzen zaizkion erronkak artatu beharra dugula, eta adi egon behar dugula enpresen premia eta eskakizunetara, haietara moldatzeko. Deustun urtero hamabost mila ikasle inguru ditugu, unibertsitateko 46 gradutan banatuta; gure fakultateetako bat Ingeniaritzakoa da eta 40 urte baino gehiago daramatza profesionalak prestatzen, enpresei etengabe entzunez; izan ere, gero eta ingeniari gehiago behar dituzte. Eskaera hori da, hain zuzen, Madrilen lehenengoz banatzen dugun sariaren helburuetako bat”. Asier Perallosek nabarmendu zuen “zientzia eta teknologia gure etorkizunaren oinarri direla, eta gure saridunen adibidea pizgarri izango dela beste emakume askok bide hori jarraitu dezaten”.

Aurreko edizioetan bezala, saridunak lanbideko karrera zabala eta ospe handikoa dutenak dira. María José Escalona, irabazle seniorra, Sevillako Unibertsitateko katedraduna da, eta Lengoaia eta Sistema Informatikoen sailari atxikitakoa. Engineering and Science for Software System ikertaldeko zuzendaria da, eta jorratzen dituen ikerrildoak softwarearen eta eskakizunen ingeniaritzan daude fokalizatuta, eta, oro har, pertsonengan oinarritutako softwarean. 2004. urtean lortu zuen doktore titulua nazioarteko aipamenarekin, eta ordutik hona 200 argitalpen baino gehiago egin ditu nazioarteko eta nazioko foroetan. Hainbat doktore-tesi eta nazio eta nazioarte mailako hainbat ikerketa proiektu zuzendu eta tutoratu ditu. Bere ibilbidean nabarmentzekoa da sare sozioekonomikoarekin duen harremana, enpresekin egindako proiektuak, patente bat eta ustiatzen ari diren software-erregistro ugari. Kudeaketa karguak hartu ditu bere unibertsitatean eta estatuko erakundeetan, eta era aktiboan parte hartzen du estatuko eta nazioarteko hainbat foro eta aholkularitza taldetan.