Prestakuntza

STEAM Euskadi Sarien bigarren edizioa zabalik

Hezkuntza Sailak dagoeneko zabaldu du STEAM Euskadi Sarien bigarren ediziorako proiektuak aurkezteko epea. Sariak Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin (Innobasque) lankidetzan antolatu dira. STEAM Euskadi Estrategiaren barruan, STEM bokazio goiztiarrak, hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazioak, arteekin eta humanitateekin zerikusia dutenak, sustatzen dituen hezkuntza-ereduaren praktika onenak aitortu eta ikusaraztea du helburu ekimenak.

STEAM Euskadi Sariak ikastetxeei, unibertsitateei, hezkuntza ez-formaleko erakundeei, ikerketa-zentroei, enpresei edo Euskadin STEAM Hezkuntzako ekimenak garatzen ari den edozein erakunderi zuzenduta daude. Hautagaiak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik.

Bi kategoria

Sarien edizio berri honek bi kategoria ditu, lau sari eta bi aipamen berezi, guztira 12.000 euro saritan:

  • STEAM Hezkuntzako ekimen berritzaileena, ikastetxeek sustatua:
    • 1. saria: 3.000 €
    •  2 saria: 2.000 €
    • Genero-ikuspegiaren aipamen berezia: 1.000 €
  • STEAM Hezkuntzako ekimen berritzaileena, beste erakunde batzuek sustatua:
    •  1. saria: 3.000 €
    • 2 saria:  2.000 €
    • Genero-ikuspegiaren aipamen berezia: 1.000 €

Sariaren zenbatekoa saritutako ekimena edo haren irismena hobetzeko edo STEAM hezkuntza-ekimen berri bat abiarazteko erabiliko da.

Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiarekin bat etorriz, sari hauek helburu bikoitza dute:

  • Euskadin garatzen ari diren eta estrategian finkatutako helburuak betetzen laguntzen ari diren STEAM hezkuntza-ekimenak identifikatzea.
  • Izaera berritzaileena duten ekimenak eta bereziki neskei, gazteei eta emakumeei zuzendutakoak onartzea.

Informazio gehiago, STEAMen web orrian.

STEAM Euskadi estrategia

STEAM Euskadi Sariak Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi Estrategiaren barruan sustatzen duen ekimena dira. Ikasleen prestakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzea (ikasleei arreta berezia eskainiz) lehentasun bihurtu da Eusko Jaurlaritzarentzat. Estrategia horren bidez, Hezkuntza Sailak zenbait ekimen jarri ditu abian STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) hezkuntza sustatzeko, Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bermatzeko funtsezko elementu gisa.

STEAM Euskadi Sariak abian jartzearen helburua da praktika onenak ikusaraztea, bai haien inpaktuagatik eta berrikuntza-mailagatik, bai neskek, gazteek eta emakumeek diziplina horietara erakartzeko duten gaitasunagatik.

Zer da STEAM hezkuntza?

STEAM hezkuntzak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arteekin eta humanitateekin lotzen ditu. Oinarrizko gaitasunak garatzen ditu, zeharkakoak nahiz diziplinakoak, eta ikasleak gure gizartearen erronkei modu arduratsuan aurre egitera bultzatzen ditu.

Hezkuntzaren STEAM ikuspegiak, nahita, gai horietako kontzeptuak aldi berean eta modu integratuan ikasteko aukera ematen duten egoerak sorrarazi nahi ditu, arazoak diseinatu eta konpontzeko testuinguru praktiko batean, enpresetako ingeniaritzan egiten den moduan. Ikerketa horretan oinarritzen da, eta esperimentuak planifikatzen, hipotesiak ikertzen, informazioa bilatzen, ereduak eraikitzen, taldean lan egiten, azalpen koherenteak eztabaidatzen eta proposatzen ditu.

Informazio-iturria: STEAM Euskadi prentsa-oharra.