María Ubarretxena Gobernuko bozeramaileak prentsaurreko bat eskaini zuen irailaren 9an, egun horretako Gobernu Kontseiluak hartutako akordio nagusien berri emateko.
Horrela, jakinarazi zuen 4 milioi euroko hiru laguntza-lerro onartu direla, Hezkuntza Sailak hala proposatuta.
Alde batetik, Gobernu Kontseiluak onespena eman dio ia milioi bat euro bideratzeari Lantokiko Prestakuntzako modulua egiten duten Lanbide Heziketako ikasleen enpresetako egonaldietarako beken deialdira. Bozeramailearen hitzetan, "egonaldiak ikasturte honetako iraila eta martxoa bitartean egingo dira eta, deialdiari esker, ikasleek aukera izango dute egonaldia beste hiru hilabetez luzatzeko, modulua amaitu ondoren eta ebaluatzen duten bitartean".
Guztira, 479 laguntza emango dira, eta onuradun bakoitzeko gehieneko zenbateko garbia 1.800 eurokoa izango da.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak onartu du 2,7 milioi euro bideratzea hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko dirulaguntzetarako. Zehazki, iritsi berriak diren ikasleen hizkuntza indartzeko dirulaguntzak dira hauek. Ubarretxenak jakinarazi zuenez, "laguntza-lerro honek erantzuna eman nahi zaie hizkuntza menperatu gabe hezkuntza-sisteman sartzen diren ikasleen beharrei, eta Euskal Hezkuntza Sistemaren tresna bat da aukera-berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua bermatzeko".
Halaber, Hezkuntza arloan baita ere, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio beste dirulaguntza deialdi bati Lanbide Heziketako azken mailako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko. "Etapa horretan, ikasleek sektoreari buruzko beharrezko ezagutza teknikoa dute, eta negozio-ideia bat garatzeko gai dira irakasleen laguntzaz", azaldu zuen María Ubarretxenak. Eusko Jaurlaritzak 166.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetarako.
3,5 milio euro lehen sektorearentzat
Bestalde, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak Portuetako Udal Kontseiluak sortzeko dekretua onartu du. Portuen arloko kide anitzeko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organoak dira, eta Saila horri atxikita egongo dira. María Ubarretxenak adierazi duenez, hauen funtzioak izango dira "portu-azpiegiturak planifikatzea eta garatzea, portuko jabari publikoa kudeatzea eta ustiatzea eta portuko jabari publikoa kontserbatu, babestu eta defendatzea".
Baita Sail horrekin lotuta ere, oniritzia eman zaie nekazaritzaren, basogintzaren, arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen 2024ko deialdiaren oinarriei, BERRIKER programaren barruan. Guztira 2,5 milioi euro bideratuko dira 2024 eta 2025 ekitaldietarako. Ubarretxenak azaldu duenez, "helburua da efizientzia areagotzea, lehiakortasuna hobetzea, hazkunde jasangarrian laguntzea eta lankidetza-sustatzea EAEko sektore horietako produktuetan.