2022-2023 ikasturtea martxan jartzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bederatzi fakultate edo eskoletan aurkezpenak eta eskolak hasi dira. Ia 35.000 pertsonak graduko ikasketak egingo dituzte aurten UPV/EHUn. Hilaren 14an, Bizkaia Aretoan, ikasturtea hasteko ekitaldia egin zen, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea buru zirela.
Graduko matrikula ixteko azken epea (seigarrena) falta dela, orain arte 8.316 ikasle berri matrikulatu dira Euskal Herriko Unibertsitatean. % 75,73 ikasle berrik lortu dute plaza lehen aukerako graduan, eta beste % 14,08k bigarren aukerakoan.
Datuak banatzen baditugu, ikasle berrien % 57 emakumeak dira, eta % 43 gizonak. Hizkuntzari dagokionez, % 53,5ek graduko ikasketak euskarazko taldeetan egingo dituzte, eta % 46,5ek gaztelaniaz ikasiko dute. Eta campusei erreparatuta, % 53,3 Bizkaiko Campusean matrikulatu dira, % 25,7 Gipuzkoakoan, eta % 21 Arabakoan.
Gutxieneko datuei buruz, azken datuen arabera, Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa Gradu Bikoitzak izan du aurten ere sartzeko notarik altuena: 13,200. Ondoren daude: Biokimika eta Biologia Molekularra (12,956); Medikuntza gaztelaniaz (12,904); Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,845); Medikuntza euskaraz (12,698); Bioteknologia (12,554); Ikus-Entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza Gradu Bikoitza (12,496); Odontologia (12,482); Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia Gradu Bikoitza (12,454); Fisika (12,361); Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitza (12,132), eta Erizaintza (Leioa) (12,101).
“Ikasturte berri honi aurre egiteko, eskaintza sendoa dugu. Eskaintza hori etengabe eguneratzen da, behar berriak kontuan hartuta, eta nazioartekotzearen alde egiten du, eta baita erakunde, enpresa eta elkarteekiko harremanen alde, prestakuntza dualaren eta kanpoko praktiken bidez. Gure unibertsitate-ereduak teknologia, gizarte eta kultura-aldaketetara egokitzeko gai diren pertsonak sortzen ditu, gaur egun behar bezala lan egiten dakiten pertsonak, etorkizuneko lanpostuetarako prestatzen eta, batez ere, pertsona kultu gisa hezten dakitenak, beren garaiko gakoak deszifratzeko eta kontzientzia kritikoa garatzeko gai direnak”, adierazi zuen Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak ikasturte berriaren hasieran.