Beste Berriak

Euskadiko 26 ikastetxek jaso dute Europako Erasmus+ errekonozimendua

Joan den abenduaren 16an egin zen Bilbon “Erasmus+ 2022. Europarako leihoak irekitzen” jardunaldia, Hezkuntza Sailak antolatuta. Topaketan Euskadiko 110 ikastetxe baino gehiago elkartu dira Bilboko Burtsaren eraikinean, eta bertan izan da Amaia Agirre Eusko Jaurlaritzako Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria.  

Ekitaldian ERASMUS+ errekonozimendua banatu zitzaien 26 ikastetxeri, estrategia europarrean datozen 6 urteotarako hartu duten konpromisoarengatik. Gaur egun Euskadiko 70 bat ikastetxek –horien artean daude gaur Europar Batzordearen errekonozimendua jaso duten 26ak– parte hartzen dute Europako proiektuetan Erasmus+ programaren barruan.

Gainera, jardunaldian Europako Batzordearen hezkuntza-programa honek eskaintzen dituen aukera guztiak aztertu ahal izan zituzten, eta parte hartzeko moduak eta dirulaguntzak eskatzeko prozedurak ere azaldu zituzten.

Erasmus+ 2022. Europako lehioak irekitzen

Gaur egungo gizartea erritmoa bizian aldatzen ari da, aurrerapen teknologikoak, globalizazioaren hazkundea eta migrazioa direla eta. Testuinguru horrek aukera berriak sortzen ditu, baina baita erronka berri handiak ere.

Hezkuntzaren esparruan ikastetxeen nazioartekotzea bultzatzeko ari gara lanean, hezkuntza-komunitateari eta, bereziki, ikasle eta irakasleei testuinguru honetara egokitzeko aukerak emateko, ikas-irakaskuntza modu berriak ezagutzearen eta herrialde eta kulturen arteko komunikazio eta elkarlana sustatzearen bidez.