Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) kirol-txartelarekin 25 jarduera egin ahal izango dira, astean 71 saiotan banatuak, udazkeneko seihilekoan. Irailaren 9tik aurrera egin daitezke, astelehenetik ostiralera, Unibertsitatearen kirol-instalazioetan. Kirol-txartelarekin egiten ahal diren jarduerez gainera, beste 13 modalitate daude, maila diferenteetakoak, eta horietan parte hartzeko, aparte izena eman eta ordaindu behar da. Bestalde, entrenamendu-saio pertsonalizatuak eta golf-ikastaroak ere eskaintzen dira.
Honako jarduera hauek sartzen dira kirol txartelean: erabateko entrenamendua, spinning, pilates + hipopresiboak, pump, HIIT, yoga, yoga yin yang eta yoga hatha, zumba, igeriketa (maila bat baino gehiago), pilates eta tarteko mailako pilates, aquaboost, funtzionala, aerobic+core, step+core, TRX, total body, core+stretching, fast-fit, GAP, GAP+core, step eta boxtraining.
Edonork eskuratu dezake kirol txartela eta egin ditzake horrek eskaintzen dituen kirolak. Urtekoa, seihilekoa edo hilekoa izan daiteke, eta Unibertsitatearen webgunearen bidez eska daiteke. Zehazki, udazkeneko seihilekorako kirol txartelaren prezioa 44 euro da ikasleentzat, 55,20 euro Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 80 euro Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 120 euro Unibertsitatetik kanpokoentzat.
Kirol txarteleko jarduerak “online” erreserbatzea
Kirol txarteleko jarduerak egiteko, “online” erreserba egin behar da aldez aurretik Unibertsitatearen webgunean (egun baterako bi erreserba egiten ahal dira gehienez). Gero, ezin joan izanez gero, bertan behera utzi behar da erreserba, jarduera hasi baino hiru ordu lehenagora arte. Txartela edukiz gero, gainera, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua zein kanpoko tenis pistak erreserbatu.
Unibertsitatearen webgunean dago informazio guztia: kirolak (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), txartelaren bidez kiroletan izena emateko sistema, eta seihilekoko eta hilabeteko prezioak.
Udazkeneko seihilekorako beste jarduera batzuk
Gorago azaldu bezala, udazkeneko seihilekoan beste hamahiru jarduera eskaintzen dira, txartelean sartuak ez daudenak: xakea, boxeoa, eskalada, kickboxing, igeriketa, tenisa, trail camp, boleibola eta waterpoloa. Errugbia ere eskaintzen da ikasleei zuzendutako doako kirol modura. Izena eman eta aparte ordaindu behar diren jarduera horietarako, irailaren 4an ireki zen izena emateko epea Unibertsitateko komunitatekoentzat, eta irailaren 13n gainerakoentzat.
Bestalde, seihileko honetan, NUP mendira irteerak egiten segituko da: Candanchútik Lizarara Estanés iboitik (Huesca), Auza mendia eta Urbasa mendilerroa. Urbasarako irteeran, mendi-ibilaldiez gain eskalada egiteko aukera eskaintzen da.
Horrez gain, ikasturte honetan, berritasun modura, golf bautismoak eskaini eta eginen dira irailaren 21ean eta urriaren 19an, denak larunbatarekin, Nafarroako Golf Federazioarekin lankidetzan, eta doakoak izanen dira unibertsitateko ikasleentzat.