Uniozio

2023ko Ja!-n, magia nagusi

Jaialdiaren 14. edizioa irailaren 27tik urriaren 8ra egingo da Bilbon. Joan den urteko gune beretan egongo da: lehen astean, 2010etik, Ja!-ren hasieratik, ohiko eszenatokia den Kale Nagusiko BBK Aretoan. Egitarauaren bigarren zatia, berriz, UPV/EHUren paraninfoan, Abandoibarra etorbideko Bizkaia Aretoan, gauzatuko da.

Jaialdiaren aurretik, Naukas Bilbaoren zientziaren, eszeptizismoaren eta umorearen jaialdian egongo da. Neuromagiari buruzko ekitaldi bat egingo da elkarrekin, baina oraindik zehazteko dago.

Ohikoa den bezala, 2023ko Ja!-ren egitarauan nazioko eta nazioarteko egile garrantzitsuak egongo dira, eta umorearekin zerikusia duten gaiak jorratuko dituzte.

Magia eta Javier Jaénen kartela
Edizioa honetan, magia nagusituko da. Magia literaturaren, beste arte batzuen eta umorearen ikuspegietatik ikusita; eta magikoa, arrazoibidetik at eta naturaz gaindi gertatzen dena, ulertu eta aurreikusi ezin dezakeguna, irudimenaren ahalmenarekin duen erlazio estua eta arteetan duten eragina.

Irudimena, eta baita umorea ere, gizakiaren bereizgarriak dira, eta horien arabera ulertzen eta irudikatzen du mundua (modu figuratuan zein poetikoan). Ja!-ren 14. edizioak eremu magiko eta miragarri horretan aldarrikatzea du xede.
Javier Jaén artista grafikoak diseinatu du 2023ko kartela, bigarren urtez. Zuri-beltzeko ilargi-eklipse estilizatuak begi bat marrazten du, eta amarrutik ere badu zerbait. Jaialdiak publikoarentzat sortutako bidaia magikoa iragartzen du.

Méliès magoa
'Méliès magoa' izenburupean, egitarauaren barruan magiak zenbaterainoko garrantzia duen erakutsi nahi izan da.

George Méliès (1861-1938) ilusionista eta zinemagilea izan zen, baita pantailaratutako fantasiazko generoaren aitzindari bikaina ere. Irudimen handiko dekoratu barrokoetan filmatutako ekintza fantastiko eta irudi onirikoekin mundu oparoa sortu zuen. 1902ko 'Ilargira bidaia' filmaren egilea da, bere maisulana. Zinearen historian irudi ikonikoa da. Ilargiak giza aurpegiaren itxura dauka, eta espazio-ontzia ere baden kanoi-obusak begi bat zulatzen dio. Ilargi-begi horretan oinarritzen da Javier Jaénen kartela.

Bere filmografiaren sekuentzia eta film labur batzuk proiektatuko dira, eta, gero, ikusitakoaren eta zinemagilearen nobela-itxurako bizitzaren gainean jardungo dira Mélièsen bi jarraitzaile zoro: Raquel Sastre umorista -Sombra fantasiazko zinema-jaialdiaren antolatzailea- eta Imanol Ituiño magoa - eta magiaren historiaren dibulgatzailea eta dokumentalista-.

Sekuentzien proiekzioak xarma handia izango du, eta, izan ere, antzinako zinema mutuaren estilora, Lola Barroso Nórdica Libros argitaletxeko prentsa-arduradun eta pianista profesionalak saiorako prestatu duen musika-konposizioa joko du. Juan Basek aurkeztuko du saioa.

John Banville, 14. edizioko protagonista
Idazle irlandarra 2023ko jaialdiko gonbidatu nagusietako bat izango da. George Steiner kritikariak hari buruz esan zuen "ingeleseko idazlerik azkarrena" eta "estilistarik dotoreena" dela. Banville umorearen taumaturgoa da, eta, izan ere, haren literaturak jolasa eta sofistikazioa nahasten ditu. Horregatik, ezin zuen magiari, hots, irudimenaren adierazpen gorenari, eskainitako jaialdi honetara huts egin. María Fasce-k, Alfaguaran duen editoreak, jendaurreko elkarrizketa egingo dio.

Banvilleren eleberriak maisulanak dira, eta, besteak beste, Booker Prize Saria, Kafka Saria eta Asturiasko Printzearen Letren Saria jaso ditu. Boston Globek "izugarrizko talentua, argitasuna eta adimena dituen magoa" zela esan zuen. Banvilleren obra adierazpen metaforiko eta pertsonaia liluragarriz, eta, askotan, barregarriz, beteta dago, eta Oviedoko epaimahaiak nabarmendu zuen haren prosak "eremu liriko liluragarriak erakusten dizkigula edertasuna eta ironia uztartzen dituzten aipamen kulturalen bitartez".