Iñigo Urkullu lehendakariak, UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreekin batera, 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu du Lehendakaritzan, “gobernuaren, unibertsitateen, eragileen eta gizartearen arteko Ituna”. Urkulluren hitzetan, gizarte bezala aurrera egiteko elkarlana ezinbestekoa da eta, hau horrela, “gizarteari helarazten diogun mezua argia da: Unibertsitateak eta administrazioak, biak batera, biak mahai berean eserita etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.
Gobernu Kontseiluan onartu den Plan hori da Euskal Unibertsitate Sistema (EUS) antolatzeko Eusko Jaurlaritzak aitortzen duen berariazko tresna. Tresna horren bidez, unibertsitate-politikak definitu, helburuak identifikatu eta Euskal Unibertsitate Ekosistema osatzen duten eragileak koordinatzen dira. Plana, gainera, Nazio Batuen 2030 Agendarekin lerrokatuta eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin konprometituta dago, eskubide- eta aukera-berdintasuna eskainiko duen eta ingurunea errespetatuko duen gizarte oparo bat lortzeko.
2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Planak 2.246,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du guztira, hau da, % 14,5eko igoera aurreko planarekin alderatuta, eta orain arte unibertsitate-eremuan egin den finantzaketarik handiena. Horietatik 1.642,4 milioi Eusko Jaurlaritzaren ekarpen zuzenari dagozkio (+231 milioi), eta 603,8 milioi, berriz, finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru-sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez iritsiko dira.
Plana onartu ondoren, Hezkuntza Saila 2023-2026 Unibertsitate Planak jasotzen dituen eremuak garatzen hasiko da, plan hau amaitzean egungo planak helburuetan zein aurrekontuaren gauzatzean izan duen betetze-maila bera lor dezan. Betiere, hezkuntza-sistema bikaina bultzatzea eta Euskadiko gizartearen beharrei eta erronkei erantzutea helburu hartuta.
Hala, 2023-2026 Unibertsitate Planak hiru ardatz nagusi ditu:
Horiekin batera, Irakaskuntza Berritzailea eta Kalitatekoa eta Unibertsitate Komunitate Inklusiboa eta Berdintasunezkoaardatzek osatzen dute plan berriaren egitura nagusia. Era berean, zeharkako bi ardatz ere jasotzen ditu: Digitalizazioa eta Gizarte-eragina.
Ardatz horien barruan, Planak unibertsitateekin definitutako eta adostutako ekintza zehatzen zerrenda luzea jasotzen du. Ekintza horiek unibertsitate-ekosistemaren arlo guztietan izango dituzte eraginak.