Prestakuntza

2022, kulturaz blai Bilbon

Kultura urteko 365 egunetan. Beste behin, hiria lehen mailako tokiko eta nazioarteko kultur proposamenez beteko da, bilbotarren aisialdia kalitatezko jarduera aberasgarriz betetzeko helburuarekin.

“Kultura funtsezkoa da gure hiriarentzat. Horregatik, Udalak apustu sendoa egin du gure auzoak kalitatezko proposamenez beteko dituzten ekimen kulturalei balioa emateko. Udalarentzat nahitaezkoa da, urtero egiten dugun bezala, herritarrek kultur programazio askotariko, irisgarri eta, gehienetan, doakoa izan dezaten erraztuko duten ekimenak sustatzea eta babestea. Une zaila eta ziurgabetasunez beterikoa igarotzen ari gara, baina kultura zuzenean bizitzeko emozio hori berreskuratzea funtsezkoa da, eta guztion artean lortzen ari gara. Horrela, bilbotarrak kultura hurbiletik sentitzera gonbidatu nahi ditut, gure kale eta barrutietan, 2022. urte osoan zehar”, adierazi zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.

Informazio guztia herritarren eta Bilboko bisitarien eskura egon dadin modu ordenatu eta errazean, Udalak 'Kultura sentitu' agenda argitaratu du, hiriko kultura-jardueraren eta aisialdiaren funtsezko eduki guztiak biltzen dituena. Horrela, dokumentu honek, auzo eta espazio kultural desberdinetan antolatuko diren jarduerei buruzko informazioa biltzen du 50 orrialde ingurutan: antzerki, zinema eta musika jaialdiak, literatura lehiaketa eta jardunaldiak, jarduera artistikoak, dibulgaziozkoak eta ondarearen sustapenekoak, sorkuntza ikastaroak eta tailerrak. 'Kultura sentitu' agendak egunero kulturaz gozatzeko oinarrizko informazioa du, baita ekitaldi bakoitza non eta noiz egingo den ere.

10 talde handi

Urteko katalogo berri hau 10 talde handitan egituratzen da: Arte Eszenikoak; Museoak; Arte Bisualak; Diseinu eta Industria Sortzaileak; Literatura; Gizartea eta Ezagutza; Ikus-entzunezkoa; Musika, Ondarea eta Izaera; Aisi Kulturala eta Gertutasun Kultura.

“Arte Eszenikoak. Eszena Laztanduz” atalean, ezin dira falta hiriko espazio eszenikoak, publikoak zein pribatuak, hala nola Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, Pabellón 6, BBK Aretoa, La Fundición, ZAWP edo Zirkozaurre. Atal honetan, BLV - Art, Kalealdia eta BAD bezalako jaialdiak ere badaude.

Bilboko museoak ere badute atal nabarmena, hiriko bizitza kulturalaren traktore gisa eta Bilboren esentzia bera izateagatik: gure sustraiei eta tradizioei lotutako museoak; hala nola Euskal Museoa, Arte Berreginen Museoa, Arte Sakratuaren Museoa edo Arkeologia Museoa; eta bi pinakoteka nagusiak; Guggenheim Museoa eta Arte Ederren Museoa, alegia.

Arte bisualei dagokienez, gida honetan hainbat espazio agertzen dira, hala nola BilbaoArte Fundazioa, Rekalde Aretoa edo Azkuna Zentroa, arte garaikideko proposamenen erreferentzia; baita MEM, FIG eta Basquedok bezalako jaialdi eta ekitaldiak ere.

'Diseinu eta Industria Sortzaileak: Sorkuntza Dastatuz' atalak Espacio Open, BIAAF edo Bilbao Maker Faire bezalako ekimenak biltzen ditu.

Literatura, zinema eta musika

Literaturak, zinemak eta musikak espazio nabarmena dute 'Kultura sentitu' agendaren barruan; izan ere, asko dira Bilbok diziplina hauekin programatzen dituen jarduerak.