Amaia Agirre Eusko Jaurlaritzako Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak ireki du gaur goizean Bilbon “Erasmus+ 2023. Europarako leihoak irekitzen” jardunaldia. Hezkuntza Sailak antolaturiko topaketak Euskadiko 100 ikastetxe inguru elkartu ditu Bilboko Solokoetxe Bigarren Hezkuntzako Institutuan, guztiak ere programan parte hartzen dutenak.
Ekitaldian Europako Batzordeak aitortzen duen Erasmus+ akreditazioa banatu zaie 16 ikastetxeri, estrategia europarrean datozen 4 urteotarako hartu duten konpromisoarengatik. Gaur egun Euskadiko 101 ikastetxek parte hartzen dute Europako proiektuetan Erasmus+ programaren barruan, eta horien artean dagoeneko 43k jaso dute aitortza hori.
Ikastetxeei diploma emateaz gain, jardunaldian Europako Batzordearen hezkuntzaprograma honek eskaintzen dituen aukera guztiak aztertu dira, bai eta ikastetxe horietako batzuek izandako esperientziak eta jardunbide egokiak aurkeztu ere.
Erasmus+ 2023. Europarako leihoak irekitzen
Egungo hezkuntza testuinguruan, curriculumak zehazten duen irteera profila lortze aldera, ezinbestekoa da gure ikasleek gaur egungo gizarte globalizatu, azkarrean eta ziurgabean murgiltzeko baliabideak izatea. Horretarako, ikasgeletan konpetentzia eleaniztuna eta kulturaniztuna lantzeak berebiziko garrantzia du. Europako programetan parte-hartzeak bi konpetentzia horiez gain, funtsezko konpetentzia guztiak lantzeko aukera paregabea ere ematen du.
Erasmus+ programak ikastetxeen nazioartekotze estrategia bultzatzen du, dirulaguntzak emanez, herrialde eta kulturen arteko komunikazioa sustatzeko eta hezkuntza-komunitateari eta, bereziki ikasle eta irakasleei, ikaskuntza zein irakaskuntza modu berriak erakusteko.