Prestakuntza

Enpresen nazioartekotzeko 125 BEINT beka

Maiatzaren 15ean (larunbata), 467 gazte (244 emakume eta 223 gizon) lehiatu ziren Nazioartekotzeko Euskal Agentziak 2021-2023 urteetarako eskaini dituen nazioarteko-tzeko 125 beketako (BEINT) bat lortzeko. Hala, berriro jarri zen martxan Eusko Jaurlaritzak 1986an abiarazitako nazioarteko espezialisten trebakuntzarako programa, iaz bertan behera utzi behar izan zena ezinbestez.

Hautagaiek hautaketa-prozesu bat iragan zuten goizez eta arratsaldez. Aurrena, hizkuntzen ezagutza eta erabilpenari buruzko probak: ingelesa (baztertzailea izango da), euskara eta, nahi izanez gero, atzerriko bigarren hizkuntza bat (alemana, arabiera, txinera, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera nahiz japoniera). Eta ondoren, ezagutza sozio-ekonomikoei buruzko proba orokor bat eta bi proba psikotekniko.

BEINT prestakuntza-programaren ibilbidea
BEINT programa aukera paregabea da goi-mailako unibertsitate-titulua duten 31 urtetik beherako gazteentzat, nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza hartzeko eta Euskadin eskaera handia duten karrera profesionalak hasteko.

Prestakuntza-planak ongi bereizitako hiru fase ditu, eta helburutzat du bekadunei ahalik eta esperientzia onena ematea, aukera eskainiz ezagutza teorikoak eta praktikoak konbinatzeko 24 hilabeteko epean.

Lehen fasea lau hilabeteko unibertsitate-prestakuntza bat da, hamalau jakintza-arlorekin beraizik diseinatua. Aurtengo deialdian, hiru euskal unibertsitateek eta Nazioarteko-tzeko Euskal Agentziak lankidetzan eskainiko dute ikastaro hori. Behin fase hori gainditu ondoren, bekadunak eskubidea du programarekin jarraitzeko eta hitzarmena sinatu duten unibertsitateen ziurtagiriak eskuratzeko.

Hamabi hilabeteko hurrengo fasean, eta egiaztatutako beren ahalegina dela medio, bekadunek aukera izango dute atzerriko jomuga bat aukeratzeko eta euren prestakuntza praktikoa hantxe jarraitzeko, enpresei zerbitzu emanez Basque Trade & Investment agentziaren kanpo-sareko bulegoetan, Ofecomes-en eta kanpo-merkataritzaren sustapenerako nazioarteko agentzia hitzartuen beste bulego batzuetan.

Prestakuntza-ibilbidea osatzeko, bekadunek zortzi hilabeteko esperientzia praktikoa jasoko dute atzerrian kokatutako eta eurek aukeratutako enpresetan, ahal dela EAEkoetan.

Programak irauten duen bi urteak amaitutakoan, gazte titulatuak profesional bihurtuko dira eta karrera oso bat izango dute aurrean, askok kudeaketa arloko erantzukizunak betetzen euskal enpresa nazioartekotuen aldetik eskari handia duten lanpostuetan.

2021eko deialdian 80 bekadunek osatuko dituzte ibilbidearen hiru faseak 2021eko iraila eta 2023ko abuztua bitartean. Beste 45 bekadun enpresako praktiken fasera pasako dira zuzenean, behin fase akademikoa amaitutakoan, eta 2022ko abuztuan bukatuko dute programa.

Baldintza ekonomikoak
BEINT bekek jomugaren arabera kalkulatutako aurrekontua izango dute, 30.000 eurotik 60.000 eurora bitartekoa. Aurrekontu horrekin bekadunek baldintza duinetan egiten diete aurre euren garraio, ostatu eta mantenu gastuei eta herrialdeetan sartzeko ordaindu behar diren baimenei, bekak irauten duen denboran.

Horrez gain, bekadunek badute bidaia-laguntzako, erantzukizun zibileko eta osasun arretako aseguruen estaldura, gerta daitezkeen kontingentzia guztiak barne hartzen dituena, baita azkenaldian jasaten ari garen pandemiak eragindakoak ere.

Alumni

Aurtengo beste berritasun bat da BEINT programaren ALUMNI plataforma. Bekadun ohiei zuzendutako zerbitzu bat da, iraganean laguntza hau jaso zuten 1.300dik gora per-tsonaren arteko elkarreragina ahalbidetzeko eta mota askotako zerbitzuak eskaintzeko: mentoring-a, informazio interesgarriak, programaren barruko profilei zuzendutako lan-eskaintzak argitaratzea, ekitaldi esklusiboak, mentoring programak… Programa bukatu ahala, urtero-urtero ALUMNI plataformako kide bihurtzeko gonbidapena igorriko zaie bekadunei.