Formación

Euskelec txapelketa egin da

Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea, Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariarekin batera, Euskelec Lanbide Heziketako ikastetxeek egindako ibilgailu elektrikoen txapelketan izan zen maiatzaren 29an. Egun guztian zehar, goizez eta arratsaldez, Lanbide Heziketako ikasleek fabrikatutako ibilgailu elektrikoak proba dinamikoak eta erresistentziakoak gainditu behar izan zituzten, Donostia erdialdean beren-beregi prestatutako zirkuituan. Euskelec zirkuituan izan zen, halaber, Pilar Arana, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio zinegotzia.

Tknikako (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) arduradunekin batera, erakundeetako ordezkariek bertatik bertara jarraitu ahal izan zituzten ibilgailuek egin behar izan zituzten probetako batzuk, eta zuzenean egiaztatu ahal izan zuten ikasturte honetan Lanbide Heziketako ikastetxeek eta ikasleek egindako lanaren emaitza. Probak hasi aurretik, gainera, ikasleetako batzuekin solasean aritzeko aukera izan zuten, boxetan.

Zer da Euskelec?

Euskelec txapelketan, Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu % 100ean elektriko bat diseinatzen eta eraikitzen dute, oinarri motor komun batetik abiatuta (motorra, motor-kontrolagailua eta bateriak). Ekimenaren helburua da ikasleen talde-lana sustatzea eta jarduera esperimentala eta sormenezkoa oinarritzea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa.

Txapelketa, halaber, trakzio elektrikoko ibilgailuetan espezializatutako teknikariak trebatzeko eta sustatzeko plataforma da, eta fabrikazio-teknika berrien esperimentazioa eta material berrien erabilera sustatzen du.

Euskelecek bi fase ditu: prototipoa aurkezteko fase teknikoa eta sormenezkoa; eta fase dinamikoa. Gaur burutzen ari den bigarren fase honetan, ibilgailuen prestazioak, ezaugarriak eta diseinua ebaluatzen dira eslalom, azelerazio eta gehieneko balaztatzeko proben bidez, besteak beste.

  • 1. fasea: arlo teknikoa eta sormenezkoa. Lehen fase hau apirilaren 28an egin zen, Amorebieta-Etxanoko Boroa Enpresa Parkeko AIC Center-en instalazioetan. Bertan, talde parte-hartzaileek beren proiektuen aurkezpenak eta ibilgailuen aurre-egiaztapenak egin zituzten epaimahai baten aurrean (proiektuaren memoria, diseinua eta berrikuntza, besteak beste).
  •  2. fasea: proba dinamikoak. 2. fasea maiatzaren 29an burutu zen, Donostiako Alderdi Eder parkean. Taldeek beren prototipoa proban jarri behar zuten zirkuituan.
Maiatzaren 29a: proba dinamikoak

Ibilgailu elektrikoek honako proba hauek zituzten maiatzaren 29ko saioan, txapelketarako berariaz egokitutako zirkuituan:

  • Balaztatzea: autoa ahalik eta distantziarik laburrenean gelditu behar zen, gutxienez orduko 25 km -ko abiaduran zihoala.
  • Azelerazioa: ibilgailuak geldi dagoenetik 60 metro ibiltzeko behar zuen denbora kronometratzen zen.
  • Eslaloma: ibilgailuak eslalom-zirkuituari buelta bat emateko behar zuen denbora kronometratzen zen.
  • Sailkapena: 20 minututan, talde guztiek 3 buelta eman behar zituzten gutxienez. Talde bakoitzak buelta batean lortzen zuen denborarik onenaren arabera zehaztuko zen irteera-ordena erresistentzia-proban.
  • Erresistentzia-proba: 75 minututan distantziarik handiena zein autok egiten zuen ebaluatu zen. Ibilgailuak sailkapenean zehaztutako irteera-ordenan jarri ziren. Helmugatik igarotzen zen aldi bakoitza zenbatuko zen, eta puntu horretatik gehien igarotzen zen taldea izango zen irabazlea (hots, buelta gehien ematen zituena).

Proba dinamikoak egiten hasi aurretik, auto guztiei egiaztapen teknikoak egin zitzaizkien. Egiaztapen horiek amaitzean, bateriak zigilatu egin ziren, berriz kargatzeko aukera eragozteko. Ibilgailu guztiek bateria-karga bakarrarekin egin beharko zituzten egun guztiko probak.

30 talde, 30 ibilgailu

Urtez urte, gero eta handiagoa da Euskelecen parte hartzen duten prototipoen kopurua, eta gero eta esparru geografiko urrun eta desberdinagoetako gazteek eta taldeek hartzen dute parte. Igande honetan, euskal ikasleek besteak beste Kantabriako, Madrilgo, Kataluniako, Aragoiko, Valentziako Erkidegoko edo Gaztela-Mantxako ikasleak dituzte aurkari, eta baita Iparraldeko talde bat ere.