Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea, Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariarekin batera, Euskelec Lanbide Heziketako ikastetxeek egindako ibilgailu elektrikoen txapelketan izan zen maiatzaren 29an. Egun guztian zehar, goizez eta arratsaldez, Lanbide Heziketako ikasleek fabrikatutako ibilgailu elektrikoak proba dinamikoak eta erresistentziakoak gainditu behar izan zituzten, Donostia erdialdean beren-beregi prestatutako zirkuituan. Euskelec zirkuituan izan zen, halaber, Pilar Arana, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio zinegotzia.
Tknikako (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) arduradunekin batera, erakundeetako ordezkariek bertatik bertara jarraitu ahal izan zituzten ibilgailuek egin behar izan zituzten probetako batzuk, eta zuzenean egiaztatu ahal izan zuten ikasturte honetan Lanbide Heziketako ikastetxeek eta ikasleek egindako lanaren emaitza. Probak hasi aurretik, gainera, ikasleetako batzuekin solasean aritzeko aukera izan zuten, boxetan.
Zer da Euskelec?
Euskelec txapelketan, Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu % 100ean elektriko bat diseinatzen eta eraikitzen dute, oinarri motor komun batetik abiatuta (motorra, motor-kontrolagailua eta bateriak). Ekimenaren helburua da ikasleen talde-lana sustatzea eta jarduera esperimentala eta sormenezkoa oinarritzea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa.
Txapelketa, halaber, trakzio elektrikoko ibilgailuetan espezializatutako teknikariak trebatzeko eta sustatzeko plataforma da, eta fabrikazio-teknika berrien esperimentazioa eta material berrien erabilera sustatzen du.
Euskelecek bi fase ditu: prototipoa aurkezteko fase teknikoa eta sormenezkoa; eta fase dinamikoa. Gaur burutzen ari den bigarren fase honetan, ibilgailuen prestazioak, ezaugarriak eta diseinua ebaluatzen dira eslalom, azelerazio eta gehieneko balaztatzeko proben bidez, besteak beste.
Ibilgailu elektrikoek honako proba hauek zituzten maiatzaren 29ko saioan, txapelketarako berariaz egokitutako zirkuituan:
Proba dinamikoak egiten hasi aurretik, auto guztiei egiaztapen teknikoak egin zitzaizkien. Egiaztapen horiek amaitzean, bateriak zigilatu egin ziren, berriz kargatzeko aukera eragozteko. Ibilgailu guztiek bateria-karga bakarrarekin egin beharko zituzten egun guztiko probak.
30 talde, 30 ibilgailu
Urtez urte, gero eta handiagoa da Euskelecen parte hartzen duten prototipoen kopurua, eta gero eta esparru geografiko urrun eta desberdinagoetako gazteek eta taldeek hartzen dute parte. Igande honetan, euskal ikasleek besteak beste Kantabriako, Madrilgo, Kataluniako, Aragoiko, Valentziako Erkidegoko edo Gaztela-Mantxako ikasleak dituzte aurkari, eta baita Iparraldeko talde bat ere.