Mikel Isla Jover-ek, Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntzan graduatuak, bigarren postua lortu du, edizio honetako BAME hautaproban, behin-behineko emaitzen arabera. Harekin batera, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko bederatzi tituludunek 100 nota onenen artean izatea lortu dute urtarrilaren 21ean egindako probetan: Nerea Barriuso Oria (14); Pablo Garrido Martín (23); Xabier Atxutegi Ayesta (33); Paula Rodríguez Jiménez (61); Oihane Cabezón Axpe (62); Raúl Barcina Fernández (69); Tamara Llorente Otiñano (70); Iñaki Goiri García (71) eta Andrea Palacios Berrueco (97).
“Banekien emaitza ona izango nuela, baina ez hainbeste, dio Islak; azterketa egin ondoren, asteburu osoa hartu nuen deskonektatzeko, eta astelehenera arte ez nituen emaitzak akademiako txantiloiarekin alderatu”; orduan “espero nuen nota baino hobea izango zela” ikusi zuen. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Irakaskuntza Unitatean bukatu zuen prestakuntza bilbotar horrek, eta orain ospitalea eta espezialitatea aukeratu behar ditu; “oraindik ez daukat argi”, ziurtatzen du, “badakit hemen inguruan egingo dudala, hala ere, zalantzan nago Dermatologia, Kardiologia, Anestesia eta Erradiodiagnostikoaren artean”.
Eva Ferreirak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, gogorarazi duenez, “BAMEa eskakizun handiko proba da; hortaz, gure unibertsitateko 10 ikasle 100 onenen artean izatea sekulako arrakasta da, azterketan % 2,30ko parte-hartzea bakarrik izan baitugu. Arrakasta horrek gure ikasleen kalitate akademikoaz hitz egiten du, eta, jakina, jaso duten prestakuntzaz. Beraz, harrotasun handiz eta gure unibertsitate publikoaren ordezkari gisa zoriontzen ditut”.