Uniemakume

UPV/EHU, urte osoa neska eta emakume zientzialariak sustatzen (III)

Emakumeak Zientzian

Bestetik, otsailaren 8an, 200 pertsona inguru elkartu ziren Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean Emakumeak Zientzian ekimenaren 7. edizioari hasiera emateko, jai-giroan, Emakumeak Zientzian ekimenari atxikitako erakunde eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten emakume zientzialari guztiak omentzeko. Helburua hau ikusaraztea zen: “zientzia bada nesken kontua”. Gainera, zuzenean aurkeztu da ekimenerako berariaz sortutako himnoa, Janus Lester sortzailearen eta kausaren aliatuaren eskutik.

Jon Insausti Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak (Donostia Kultura) ongietorri egin zien bertaratutako guztiei, eta Emakumeak Zientzian koordinazio-taldeak gidatu zuen ekitaldia. Edizio honetan azpimarratzeko helburu gisa, antolatzaileek nabarmendu dute zer garrantzitsua den gizonen eta emakumeen arteko erantzunkidetasuna zientzia eta teknologia berdinzaleagoa sustatzeko.

Emakumeak Zientzianeko hiru ikerlarik -Ana Beloqui (POLYMAT), Marta Pascual (BC3) eta Marina Kalashnikova (BCBL)- agertokia hartu zuten beren bizipen profesionalak partekatzeko. Alaia Martin Etxebeste bertsolariak lagundu zien, eta haien testigantzak jaso zituen bertsotan. “Zientzia egiten jarraitzea, erreferente izaten jarraitzeko, inor ikusezin senti ez dadin, ezinbestekoa da”, nabarmendu zuen Alaia Martinek. Halaber, “zientzia eta teknologiaren alorra emakumeen leku bat dela zientifikoki frogatzen jarraitzeko”, deia luzatu zien hiru emakumeei. Denak bat etorri ziren esatean Emakumeak Zientzian den bezalako proiektuak ezinbestekoak direla “emakume zientzialariak zientziaren eta teknologiaren arlo guztietan ikusgai jartzeko, bai karrera biosanitarioetan, bai ingeniaritzako, matematikako edo fisikakoetan”.

Ondoren, elkarrizketa labur bat izan zen Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internalizazioko zuzendariarekin, Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Saileko idazkari tekniko ekonomikoarekin eta Ainhoa Aldasoro Donostiako Sustapena - Fomento de San Sebastián-eko Berrikuntza eta Lehiakortasuneko arduradunarekin, Emakumeak Zientzianeko koordinazio-taldeko kide batek moderatua.