2015eko abenduan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak erabaki zuen indarrez salatu behar zela neskek eta emakumeek zientzian eta teknologian duten egoera kritikoa, eta otsailaren 11 aukeratu zuen horretarako. Zortzi urte hauetan, handituz joan da Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren garrantzia, eta UPV/EHUk antolatzen dituen jarduerak ugarituz joan dira, baita data horretatik kanpo ere.
Otsailaren 11n izan zen Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna, eta Euskal Herriko Unibertsitateak abiatu zituen hura ospatzeko jarduerak (hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, filmen proiekzioak…). Egunak STEM karreren egoera unibertsitate honetan aztertzeko aukera ere eman zuen.
Elena Leiñena Unibertsitateko Berdintasunerako zuzendariaren arabera, “UPV/EHUn STEM arloko titulazioetan ikasten ari diren emakumeen datuak estatuko beste unibertsitate batzuetakoen antzekoak dira. Datu horiek agerian uzten dute genero arrakala nabarmena dagoela arlo horretan, femeninoa eta maskulinoa denari lotutako rolen ondorioz”. Ingeniaritzetan, emakumeen ehunekoa ez da ia matrikulatutakoen herenera iristen (% 29,15 graduetan eta % 31 masterretan). Datua bereziki adierazgarria da tradizioz genero maskulinoari lotuago egon diren sektoreetan (Automobilgintza etaItsasketa), non emakumeen presentzia % 7koa baita. Aldiz, emakumeen ehunekoa da nagusi ingurumenarekin eta garapen jasangarriarekin lotutako ingeniaritzetan; adibidez,Material Berriztagarrien Ingeniaritzako masterrean (% 60), Ingurumen Ingeniaritza eta Kudeaketako masterrean (% 75); eta Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketakoan (% 71,43).
Genero arrakalaren ebidentzia adierazgarri bat informatika arloko titulazioetan aurki dezakegu. Espainian, joan den mendeki 80ko hamarkadan, gizon baino emakume gehiago aritzen ziren informatikan, titulazioa lizentziatura zenean. Baina 90ko hamarkadan, ikasketa horiek ingeniaritza izena hartu zutenean, emakumeen ehunekoak behera egin zuen. Gaur egun, % 16 dira emakumezko ikasleak. Ehuneko hori zertxobait handiagoa da UPV/EHUn; ikasturte honetan % 19.