Unibertsitatea

Uda Ikastaroen balantzea (II)

Esperientzian oinarritutako ikastaroak

Berritasun gisa, esperientzian oinarritutako ikastaroak oso harrera ona izan dute eta aurrera begira horrelako proposamenei tarte berezia eskainiko diete. Lehenik eta behin, Irulegiko Eskuari buruz bere testuinguruan, Ilundainen bertan, egindako ikastaroa nabarmentzen da. Jarduera honek aukera eman zien matrikulatuei indusketa bisitatzeko eta azken berrikuntzak ezagutzeko. Bestetik, Aezkoako bailarara ere hurbildu ziren Pirinioetako despopulazioaren aurka borrokatzeko baliabide gisa komunala berreskuratzeko lana ezagutzeko; eta Izarrak, gastronomia eta matematika ikastaroarekin, aurten lehen aldiz pertseidak behatu dituzte Jakiunderen eskutik zientziari eta astronomiari buruzko haien ezagutzak zabaltzen zituzten bitartean. Gainera, Ataungo Barandiaran museora hurbildu ziren Jose Migel Barandiaranek Arkeologiari, Etnografiari eta Euskal Mitologiari egindako ekarpena ezagutzeko, eta lehen esan bezala, Saltillo eskola-ontzian ibili ziren ozeanoen iraunkortasunaz arduratzeko.

Baionan egin den Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen 2. edizioak 1173 pertsona bildu ditu, eta Euskadi, Akitania Berria, Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitate eta erakundeekin elkarlanean egindako proiektua sendotzeko balio izan du. Mugaz Gaindiko Udako Ikastaro hauek mugakide diren herritarrei zuzenduta daude, eta unibertsitateek lurralde-kohesio hobea duen mugaz haraindiko espazio baten sorreran duten zeregin proaktiboa ikusaraztea dute helburu, Europako mugaz gaindiko beste eremu batzuetan lortu den bezala. Bigarren edizio honetan, 12 ikastaro eskaini dira eta mugaz gaindiko ikerketa-laborategien arteko topaketa bat egin da.

Aurrez aurreko modalitateaz gain, ikastaroak online zuzenean jarraitzeko aukerari esker, UIKen eskaintza nazioarteko erreferente bihurtzen ari da; aurten, Alemania, EEBB, Frantzia, Italia, Erresuma Batua, Mexiko, Argentina, Suitza, Polonia, Suedia, Txina eta Herbehereetako ikasleak izan dira, besteak beste.

UIKn elkarlanean egiten dute lan, sarean, komunitateak sortuz eta sinergiak baliatuz. Edizio honetan errekorra hautsi dute ikastaroetako laguntzaileen sarea handituz, 300era iritsi arte.

Metodologiari dagokionez, hainbat ikastaro baliatu dira parte hartzeko hainbat modu esperimentatzeko eta praktikan jartzeko. Besteak beste, honako ikastaro hauek nabarmentzen dira; Eskola publikoa, pertsonarengan fokua, HEIZEk zuzendua, ikastetxeen gobernantzari buruzko ondorio garrantzitsuetara iritsi zen. Sexualitateak emakumeari dagokionez, parte-hartzaileen artean sentsibilitate eta konfiantza handiko giroa sortzea ahalbidetu zuena, Ekintza komunitarioa ertzetatik eta absentzietatik, eta Inklusiorako trantsizioa: parte-hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea sustatzeko eredu eta ikuspegiak, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei ahotsa eta parte-hartzea eskaini zietenak. Azken hiru hauek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatuak, TopaGune proiektuaren esparruan. Aurrerantzean, metodologia horietan sakontzen jarraituko dute.