Unibertsitatea

NUPeko ikasleak, solidarioak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait titulaziotako 200dik gora ikaslek hartu dute parte gaur arte nafar erakundearen Prestakuntza Solidarioa programa berekian, zeina duela bi hamarkada jarri baitzen abian. Prestakuntza Solidarioa programan parte hartzeko eskaera NUPek urri hasieran argitaratuko duen ikasleentzako Nazioarteko Mugikortasunerako Deialdi Orokorrean egin behar da. Beren esperientzien berri emateko, ekimen horretan parte hartu duten ikasleek bideo bat egin dute beren herrialde hartzailetik: Álvaro Ranz Doncel eta Leyre Giménez Fañanas (Madagaskar), Leire Ros Larumbe eta Asier Astiz De la Gracia (Kuba) eta Amaya Tanco Latienda eta Maite Barguilla Sanclaudio (Kolonbia).

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) nazioarteko programa horri esker ikasleek Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako ingurune babesgabeetako garapenerako lankidetzako proiektuetan parte hartzen ahal dute. Destinoko herrialdeetako unibertsitateekin eta kontraparte lokalekin lankidetzan (garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin eta nazioarteko beste lankidetza-agentzia batzuekin) egiten da mugikortasun egonaldia.

Prestakuntza Solidarioko helburu nagusiak dira, batetik, unibertsitateko komunitateko kideen artean solidaritatea eta garapenerako hezkuntzaren balioak sustatzea , eta, bestetik, prestakuntza profesional praktikoa eskaintzea nazioarteko garapenaren esparruan. Programan parte hartzeko, nazioarteko lankidetzari eta garapenari buruzko 3 ECTS kredituko ikastaro bat egin behar da aurretik.

Ikasturte bakoitzean ikastaroaren bi edizio egiten dira (irailetik azarora eta otsailetik apirilera). Ikastaroa egin ondoren, 3 eta 6 hilabete bitarteko mugikortasun egonaldi bat egiten da destinoko proiektua gauzatzeko, hots, praktikak edo ikasketa amaierako lana egiteko. NUPeko eta unibertsitate bazkideko ikasleek ikuskatzen dituzte egonaldiak.

Herrialdeak eta finantzatzaileak
Ezarri zenetik ia bi hamarkada igaro dira, eta denbora-tarte horretan NUPeko 200 ikasle baino gehiagok egin dituzte nazioarteko egonaldiak zenbait herrialdetan, hala nola Bolivia, Kolonbia, Kuba, Ekuador, El Salvador, India, Madagaskar eta Peru, eta garapenerako nazioarteko lankidetzako esperientziak eta ezagutzak handitu dituzte.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak eta NUPek finantzatzen dute programa. Ikasle parte-hartzaileek bidaia-gastuetarako laguntza bat izanen dute, baita gaixotasunak erabat barne hartzen dituen aseguru bat ere, eta ostatu eta mantenu gastuetarako dirulaguntza bat jasoko dute hilero.