Uniozio

Nazioarteko antzerkia Gasteizen (II)

1977-1983: Lehen emaitzak

1977tik 1983ra bitartean, Cooperativa Denok aldeak antolatu zuen Jaialdia.

Urte horietan, Jaialdia helburuen zati handi bat lortzen joan zen pixkanaka.

Besteak beste, publikoaren harrera ona, estatuko zein nazioarteko lanik onenak erakustea, alorreko profesionalen arteko eztabaida piztea, eta finantzaketa publikoa handitzea.

Gasteizera konpainia ugari hurbiltzen ziren: Els Joglars, Comediants, La Fura Dels Baus, Mummenschanz, Teatro Negro de Praga, La Cuadra, Lindsay Kemp, Dagoll Dagom, La Zaranda eta beste. Horiek ez gaituzte sekula utziko.

Félix González Petitek hartzen du ardura

Jaialdiak etengabe berraztertzen zituen jarduerak, interesa mantendu eta kultura ekitaldi garrantzitsua izaten jarraitzeko.

1984an Félix G. Petitek hartu zuen Jaialdiaren ardura, 18 urterako.

Garai hartan izen handiak etorri ziren -Marcel Marceau edo Johnny Melville-, eta konpainia ezagunak -Nuria Espert, Centro Dramático Gallego, La Farándula, Esperpento-. Euskal taldeen artean, Maskarada, Trapu Zaharra, Bekereke eta Tan-ttaka aipa daitezke. Ballet eta opera ikuskizunak ere eskaini ziren.

Kultura hitzorduak publikoaren oniritzia zuen, eta heldutasuna lortu zuen, estatu osoan erreferente bihurtuta.

Principal antzoki berria: leku paregabea

1992. urtea funtsezkoa izan zen Jaialdiaren historian, Principal antzoki eraberritura itzuli baitzen, harrezkero egoitza ofiziala izango zenera. San Prudentzio kaleko aretoaz gain, Jaialdiak hiriko beste leku batzuetara ere zabaldu nahi izan zuen antzerkia, Beñat Etxepare zein Ipar-Arriaga antzokietara, zehazki.

Aldi berean, iraupena luzatu eta ia hiru hilabeteraino iritsi zen. 90eko hamarkadan Jaialdiak urte onenak ezagutu zituen, estatuko eta nazioarteko konpainia handiei eta publikoaren harrera beroari esker. Gainera, beste sail batzuk ere -Off Festival eta Haurrentzako Antzerkia- sendotu ziren.

Gaur egun, Antzerki Jaialdia Gasteizko kultura-adierazpenik garrantzitsuenetako bat da.

Antzerkia zabaltzen

Beste urte batzuetan bezala, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak bertako eszena sortzaileek ohikoez bestelako espazioetan beren proposamenak erakustea helburu duen ekimena bultzatu du, zeinetan ikuslearekiko hurbiltasuna eta konplizitatea funtsezkoak baitira. Berritasun bezala hiru mikropieza eskaintzen ditugu bereiz.

Antzerki Jaialdiaren atal honetan Off lokal eta Enredados nabarmentzen dira. Bakoitzak bere ezaugarri bereziekin eta publikoarekin, proposamen berritzaileak dakartza, antzerkia leku eta ingurune ez-konbentzionaletara eraman nahi dutenak, hurbiltasun-proposamen batetik abiatuta. Proposamen eszeniko horiek, halaber, tokiko konpainien garapenean laguntzen dute.

Sail honek eskaini dien aukerari esker, bertako konpainia askok beren proposamenak aurkeztu ahal izan dituzte. Proposamen hauek hazi eta gero, Euskal Herriko beste antzoki batzuetan antzeztu dira. Horri ezker, El mono habitado, Pez Limbo, Larrua danza eta beste hainbat konpainiek merezitako ospea dute egun antzerki-panoraman.

Azken urteotan sekzio horiek hartu dituzten hiriko espazioak ere ugariak dira, hala nola Baratza aretoa, La Mostrenka, Montehermosoko ur-biltegia, igerilekuak, gizarte-etxeak eta etxe partikularrak.