Nazioarteko 47. Antzerki Jaialdiaren asmoa da distira berreskuratzea eta Gasteizko publikoari ilusioa itzultzea, goi-mailako arte eszenikoez gozatzeko, hizkuntza berriak ezagutzen jarraitzeko, antzokiak betetzeko, artistak eta ohiko espazioak topatzeko ilusioa.
Horretarako, nazioarteko proposamenak ekarriko ditu, hala nola Tempest Project, Peter Brook ahaztezin eta omenduarena; Feste, Familie Flozena; The Tree, Carolyn Carlsonena, eta Don Juan, Atterbalde dantza-konpainiarena, besteak beste.
Jaialdia ikuskizun delikatu eta irudimentsu batekin hasiko da: Bells and Spells, Charles Chaplin-en biloba Aurelia Thierréeren eskutik.
Ez dira faltako estatuko konpainia eta sorkuntza-zentroak (Zentro Dramatiko Nazionala, Teatro de la Abadia, Kamikaze, etab.), ezta bertakoak ere (16 guztira), hala nola El Mono Habitado, Proyecto Larrua, Pez Limbo, Ortzai... Gainera, tokiko sei konpainiak pieza bereziak sortuko dituzte edizio honetarako, Off Lokal zikloaren barruan.
Horri guztiari esker, hainbat aktorek zapalduko dituzte gure agertokiak (Javier Cámara, Diana Palazón, Miguel Rellán, Irene Escolar edo Aitziber Garmendia), antzerkigile handien lanak eskaintzearren (Pascal Rambert, Peter Brook, Sergio Peris-Mencheta, Pablo Remón, José Martret, Daniel Veronese eta beste asko).
Era berean, haur txikiei eta familiei 8 proiektu proposatuko zaizkie, zirkoaz, dantzaz, txotxongiloez eta pailazoez goza dezaten.
Guztira 34 ikuskizun eta 44 saio izango dira: 9 nazioartekoak, 9 nazionalak eta 16 euskal konpainienak. Ikuskizun horietatik, 12 estreinaldi absolutuak izango dira; 5, estatu mailako estreinaldiak, eta 6, Euskadin lehen aldiz ikusiko direnak.
Jendearekiko topaketak berreskuratzea eta emanaldiak espazio ez-konbentzionaletan edo antzezleekin agertokia partekatuz egitea normaltasunera itzultzearen seinale argia dira.
Zalantzarik gabe, 47. edizioan elkar ikusteko eta antzerkiaren eta arte eszenikoen magiaz gozatzeko ohitura berreskuratuko da.
Egitaraua
Jatorria
Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren lehen edizioa 1975eko irailaren 29an hasi zen, La Farándula taldeak antolaturik. Gasteizko antzerki independentea deitutakoaren hastapenetako taldeetako batek mamitu zituen behingoz diktaduraren azken urteetan sortzen joan ziren kultura kezkak. Ernamuin horren ondorengoa berrogei urtez hazi da.
Lehenengo edizioko lehen emanaldia Sevillako Mediodía konpainiak eskaini zuen, Florida antzokian. Hitzaldiak eta proiekzioak ere antolatu ziren, eta Jaialdiak arrakasta handia lortu zuen kritikoen eta ikusleen artean.
Lehenengo urteetatik, ahalegin guztiak Jaialdiaren proiektua definitzera bideratu ziren. Pixkanaka proposamen berriak gehitu ziren: haurrentzako antzerkia, emanaldiak Arabako herrietan, egoitza eta lan ildo berriak, eta esperimentazioa. Gainera, euskal konpainiekin batera nazioarteko taldeek ere parte har zezaten saiatu ziren.