Unibertsitatea

MUk 2023-2024 ikasturte akademikoaren hasiera ekitaldia egin zuen (III)

Etorkizuna marrazten

Bizitza osoko prestakuntzari dagokionez, Mondragon Unibertsitateko errektoreak uste du Unibertsitateak erantzun egin behar diela bai enpresek eta erakundeek aurkituko duten egoera demografiko eta laboralari, eta bai egoera horretara egokitzeko profesional guztiek konpetentzietan eta gaitasunetan behar izango duten prestakuntzazko eguneratzeari.

Gizarteak aurrean duen egoera demografikoa kontuan hartuta, zenbait profesional ordeztea zaila izango dela deritzo. Haren esanetan, lanerako adinean dauden pertsonen konpetentziak eguneratzeko, etengabeko prestakuntzako programak garatu beharko dira enpresekin eta administrazio publikoekin batera. "Mondragon Unibertsitateak urtean 8.000 profesional baino gehiago trebatzeko konpromisoa du, trebatzea gure misioaren eginkizunetako bat delako, eta lan-talentua eguneratuta izatea funtsezkoa delako gure enpresa-sarearen lehiakortasuna bermatzeko", ziurtatu zuen.

Errektoreak ikerkuntzaren atala nabarmendu nahi izan zuen. "Zientziak eta bikaintasunak kolore berezia dute Mondragon Unibertsitatean, enpresekiko lankidetzaren kolorea", esan zuen. Unibertsitateak enpresekiko lankidetzari eutsiko dio ikerkuntzako proiektuak lantzeko eta sortutako ezagutza arintasunez eta eraginkortasunez transferitzeko".

Hitzaldiaren bukaeran Atxak adierazi zuenez, Unibertsitatetik proiektu berriak garatzen saiatuko dira, orain arte bezala, "enpresa-jarduera berriak sortzeko eta gure ikasleak enpresak sortzera bideratzeko". Prestakuntzaren aldetik, Mondragon Unibertsitateak unibertsitate-prestakuntza praktiko eta kalitatezkoaren alde egiten jarraituko du, etorkizuneko beharretara egokitutako gradu eta master berriekin, digitalizazioa barne hartuko duen ikaskuntza-ereduarekin.