Unibertsitatea

Mentore gehiago NUPen

2021-2022 ikasturtean, 64 ikaslek egin dituzte mentore-lanak beheragoko ikasmailetako ikaskideentzat Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), hau da, Mentoretza Programa hasi zenean, 2016-2017 ikasturtean, erregistratutakoak (23 mentore) baino hiru aldiz gehiago ia-ia. 2022-2023 ikasturterako, 115 ikaslek eman dute izena programan. Bestalde, mentoreen aholkuak jaso dituzten ikasleen kopurua ere handitu egin da, eta hasierakoak halako lau dira orain: 449 ikasturte honetan; 2016-2017koan, berriz, 105.

Izan ere, hasiera-hasieratik, etengabe hazi da mentoreen eta haien laguntza jaso duten ikasleen kopurua, baita pandemia hasi ondorengo ikasturtean ere. Hala, 2019-2020 ikasturtean, 36 ikasle izan ziren mentore; hurrengo ikasturtean (2020-2021), aldiz, 53. Bestalde, ikaskideen laguntza eskatu zuten ikasleen kopurua 202 eta 249 izan zen, hurrenez hurren.

Mentore izan direnen lana aitortzeko, ekitaldi instituzional bat egin zen berriki NUPen, eta ekitaldiaren buru egin zuen Cristina Bayona Sáezek, NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak, honako hau esan zuen: “Unibertsitate gisa, oso kontent gaude parekoen arteko Mentoretza Planaren bilakaerarekin. Oso balorazio positiboak izaten ditu urtero programak, bai mentoreen aldetik, bai eta programan izena emandako lehenbiziko ikasmailako ikasleen aldetik ere”.

Aitorpen akademikoa

Mentore bakoitzak gehienez ere bost ikasle hasiberriri lagundu die, irailetik martxora. Horretarako, laguntza eta prestakuntza ematen diete Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak, beren fakultateak edo ikastegiak, Ikasleen Kontseiluak eta Unibertsitateko zenbait zerbitzuk. Ikasturtea hasi baino lehen, prestakuntza jaso zuten gai hauei buruz: arazoei konponbidea bilatzeko modua, ahozko komunikazioa, lana antolatzeko estrategiak, enpatia, motibazioa eta ikuspegi positiboa. Horretaz gainera, lehen ikasmailako ikasleei urtero egiten zaien Ongietorria Egiteko Eguna antolatzen eta gauzatzen ere parte hartu zuten mentoreek.

Mentoreek unibertsitate-zabalpeneko bi ECTS kreditu lortzen dituzte programan parte hartzeagatik, eta konpromisoa hartzen dute ardurapean daukaten ikasle taldearekin zenbait bilera presentzial egiteko udazkeneko eta udaberriko seihilekoetan, haien jarraipena egiteko eta ikasleei laguntzeko unibertsitatean beren kabuz moldatzen eta lan- eta ikasketa-ohitura onak hartzen. Mentore lana bukatutakoan, ebaluazioa egiten diete ardurapean izan dituzten ikasleek eta titulazioaren arduradunek.