Unibertsitatea

Laster arte, ikasle atzerritarrok!

Letren Fakultatean, Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitateak mugikortasun-programen bidez aurten UPV/EHUn ikasi duten ikasleei agur esateko ekitaldia egin zen maiatzean. Guztira, 2023-2024 ikasturtean, 1.458 ikaslek gutxienez lauhileko bat egin dute UPV/EHUn: Erasmus (821), Sicue (209), Latinoamerika (355) eta Beste norakoak (73).

Ekitaldian parte hartu zuten Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak; Junkal Gutiérrez Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak; eta Sonia Díaz de Corcuera Ruiz de Oña Vitoria-Gasteizko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak.

Argazki ofiziala egin ondoren, errektoreak ongietorria egin zien mugikortasun-programa guztietan parte hartu zuten ikasleei: “Eskerrik asko Euskal Herriko Unibertsitatean zuen konfiantza jartzeagatik. Eraman ezazue gure unibertsitateko oroitzapenik onena, hemendik aurrera ere zuena baita. Eta hori horrela izanik, beti aurkituko dituzue gure ateak zabalik”.

UPV/EHUn izandako esperientzia kontatzeko aukera izan zuen ekitaldian mugikortasun programako nazioarteko ikasle talde batek: Almendra Cona (Txile), Elena Andrianoba (Mosku) eta Giselle Mendoza (Kolonbia). Era berean, Bella Frost Danimarkatik etorritakoak, baina jatorri siriarrekoak, bertaratutakoei minutu bateko isilunea eskatu zien Gazako tragediagatik, eta eskerrak eman zizkien Euskal Herrian eta UPV/EHUn jaso zituen elkartasun adierazpen eta ekimenengatik.

Ekitaldian, gainera, hainbat ikaslek UPV/EHUn izandako nazioarteko esperientzia kontatu zuten, Unibertsitateko masterren eta Etxepare Institutuko aurkezpenak egin ziren eta ESN ikasle-elkarteak bisitariei emandako laguntza eskertu zen. Ondoren, kalejira egin zen “El Caminante” eskulturara, eta Nazioarteko Harremanetarako Bulegoak eskainitako pintxoak dastatu ziren, musika tradizionalarekin girotuak; ondoren, kontzertuak izan ziren Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloian.

Esan den bezala, 1.458 ikaslek hartu zuten parte UPV/EHUko mugikortasun programetan. Ikasle gehien dituzten herrialdeak hauek izan ziren: Erasmus programan, Italia (223), Alemania (203) eta Frantzia (87); Latinoamerikan, Mexiko (127), Txile (98) eta Argentina (40); eta Beste Norakoak programan: Hego Korea (27), Estatu Batuak (9) eta Japonia (6). Sicue programako ikasleak Espainiako hainbat unibertsitatetatik datoz.