Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran onartu dira 2022ko lan eskaintza publikoak (LEP), bai irakasle-ikertzaileentzat (IRI) bai Administrazio eta Zerbitzuetako Langileentzat (AZP) ere.
“Bi lan eskaintza publiko horiek onartzea oso garrantzitsua da langileen arloko kudeaketan garatzen ari garen politikan -adierazi du errektoreak-, eta garrantzitsuena da behin-behinekotasuna nabarmen murriztu eta enplegua egonkortuko dela”.
Zehazki, 2022ko LEPan 307 plaza eskainiko dira AZPkoentzat (243 funtzionarioentzat eta 64 lan kontratudun langileentzat). Plaza horiek, alde batetik, birjartze tasatik datoz (2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak % 120ko muga ezarri du) eta, bestetik, egonkortzeko hirugarren prozesu gehigarritik (20/2021 Legean, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoan, jasotakoa).
Gaurko erabaki honen bidez, bestalde, aldatu egin dira 2019, 2020 eta 2021eko lan eskaintza publikoak, plaza horiek abenduaren 28ko 20/2021 Legearen babesean behin behineko enplegua egonkortzeko egingo diren prozesu berrietan sartzeko, betiere, horretarako baldintzak betez gero. Horrela, 2022ko eskaintzan batera bildu dira 2019, 2020 eta 2021eko lan eskaintza publikoetako plaza guztiak.
2022a amaitu baino lehen, LEP hauetatik eratorritako hautaketa prozesu guztien oinarri orokorrak eta zehatzak onartuko dira, eta, guztira, AZPko 1.148 plaza beteko dira (848 funtzionarioentzat eta 300 lan kontratudunentzat). Lanpostuak betetzeko prozesuak honako hauek izango dira: 214 barne promozio bidez, 818 merezimendu lehiaketa bidez eta 116 oposizio-lehiaketa bidez. Prozesu horiek guztiak 2024ko abendua baino lehen amaitu beharko dira, eta data horretarako AZPkoen behin-behinekotasun tasa % 8 baina txikiagoa izango da.
Irakasle-ikertzaileen LEPa
Gaurko Gobernu Kontseiluan irakasle-ikertzaileen (IRI) 2022ko LEPa ere onartu da. Nabarmentzekoa da txanda irekian plazen % 75 gaur egun irakasle atxikien plazetan ari diren langileak egonkortzeko direla (Aurrekontuen Legeak agintzen duen bezala, plazen % 15 I3 ziurtagiria duten ikertzaileak irakasle-ikertzaile lanpostuetan egonkortzeko gorde beharra dago). Txanda libreko ia 200 plazez gain (197 dira), hau da, birjartze tasaren % 120 aprobetxatzeaz gain, unibertsitateko irakasleen kidegoetan barne promozioko 20 plaza onartu dira.
Azken urteotan, LEPa abenduan onartu izan denez -Gobernu Kontseiluaren azken bileran-, LEP hau maiatzean onartuta egonkortze prozesua urte erdi baino gehiago aurreratzea lortu da. Horrela, bada, nabarmen murriztuko da irakasleek itxaron beharreko denbora irakasle iraunkorren lanpostua betetzeko akreditazioa lortzen dutenetik egonkortzea lortu arte.
2021 ekitaldiko kontuak onartu dira
Gobernu Kontseiluaren bilera berean, UPV/EHUren 2021 ekitaldiko kontuak onartu dira.
Gastuen aurrekontuan, aitortutako obligazioak 454,4 M €-ra iritsi ziren (440,6 M € 2020an). Diru sarreren aurrekontuari dagokionez, aitortutako eskubideak 489,8 milioi eurokoak izan ziren (2020an, 432,9 milioi euro). Azkenik, 2021eko abenduaren 31ko diruzaintzako gerakina 12.000 €-koa zen (2020an, berriz, gerakina negatiboa izan zen, 3,4 M €-koa, hain zuzen ere).
Errektoreak, bere hitzaldian, nabarmendu du 2021ean diru sarrerak nabarmen handitu direla aurreko ekitaldiarekin alderatuta: “Unibertsitateak positiboan itxi du 2021 ekitaldia, ikerketa eta transferentzia jarduera nabarmen hazi den aldi batean. Eta horren arrazoia izan da, halaber, zentro, sail eta zerbitzuek gastua gauzatzeko egin duten ahalegina eta izan duten jarrera arduratsua. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet unibertsitateko kide guztiei erakundearekiko konpromisoagatik eta emaitza hori lortzeko egindako lanagatik”.