Prestakuntza

Kultura barra-barra, Bilboko kaleetan

'Bilboko Kalealdia' Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia Bilboko Udalak sustatzen du eta aurten 23. edizioa ospatuko da, ekainaren 27an, astelehenean hasita, Jaialdiaren edizio hau uztailaren 2ra arte (larunbata) luzatuko da eta 33 ikuskizun eramango ditu Bilbora, kalitate handikoak, zirkuaren, dantzaren, antzerkiaren eta clownaren arlokoak. Sei egunez, programazio askotariko batez gozatzeko aukera egongo da.

2022 honetan, Bilboko Udalak indartu egin du jaialdia, "programazio gehiago, eremu gehiago eta dekorazio gehiagorekin", eta nabarmendu egin dute Jaialdiaren balioa, esanez ikuskizunak ez ezik beste zerbait ere eskaintzen duela, uria kaleko arteen agertoki handi bat bihurtzen denez gero. Gonzalo Olabarria zinegotziak azaldu zuenez, "ikuskizunak antzeztea baino harago doazen proposamenak dira, eta lekua eman nahi diegu, eta agerira ekarri. Dekorazio- eta arte-instalazioak izango ditugu, eta protagonistak, berriro ere, dantza, zirkua, antzerkia eta beste izango dira. Bilboko Kalealdia, aurtengo edizioan, gertakari bakana izango da ostera ere Estatu osoan, eta Bilbo kaleko arteen eta antzerkiaren hiriburu bihurtuko da berari esker. Programazioa hobetu egin da ostera ere, zabalagotu eta askotarikoago bihurtu, bazter gehiagotara iristeko eta bilbotarrek kalitateko aisialdi- eta kultura-eskaintzak gozatu ahal izan ditzaten aire librean, irisgarriak, askotarikoak eta kalitate itzelekoak."

Bilboko Kalealdiak, 23. edizioan, nazioarteko artista asko izango ditu, pandemia dela eta murritzago gauzatu behar izan den bi urteko epe honen ostean. 10 konpainia datoz Europako leku batzuetatik eta besteetatik Bizkaiko hiriburura, bilbotarrek aukera izan dezaten urian ikusi ohi ez diren ikuskizunak gozatzeko: Chris Iris (Alemania); Das Arnak (Frantzia); Keep Company (Frantzia); Le Piano Du Lac (Frantzia / Asturias); Les Malles Cie. (Suitza); Les Rustines De L'ange (Frantzia); Nicole & Martin (Suitza); Ô Quel Dommage Cie. (Belgika); Panorama Kino Theatre (Suitza); eta Tobia Circus (Italia); eta, horiez gain, Brassass konpainia, Argentinatik.

Bilboko Udalak, kultura estrategia moduan, ostera ireki dizkie programazioko ateak euskal konpainiei, eta, hala, agertoki batzuk eta besteak izango dituzte, beren lana ezagutzera emateko hurbildu nahi duten guztiei. Hala, bada, ekainaren 27tik uztailaren 2ra, aukera izango da hauen guztien proposamenez gozatzeko: Dantzaz; Ertza; Hika Teatroa & Oinkari Dantza Taldea; Hortzmuga Teatroa & Deabru Beltzak; La Trapecionista Cí; Mystèrieuses Coiffures; Panpotx Kultur Elkartea, Bilboko Udal Bandarena; Trakamatraka; eta Zirkozaurre.

Bilboko Kalealdiaren kartela osatuko dute konpainia hauek, Estatuko bazter batzuetatik eta besteetatik etorriek: Amer Kabbani (Cía. 104º); Delrevés Danza Vertical; Kolektiv Lapso Cirk; La Industrial Teatrera; La Macana; Los Galindos; Maduixa Cía; Manolo Alcántara; Nacho Vilar Producciones & Yllana; Nostraxladamus; Nueveuno Circo Cía.; Pistacatro; eta Truca Circus.

Bilboko itsasadarra, agertoki bakarra

Jaialdia 10 eremutan gozatu ahal izango da, eta nagusietako bat, ostera ere, Kasilda Iturrizar parkea izango da, non zazpi agertoki izango baitira: Pergolan, Arte Ederren Museoaren gunena etauramaelaren inguruan, bost kokalekurekin, horietako bat berria; Arriaga plaza; Plaza Biribila; Plaza Barria; Bizikidetasun Plaza; Gas Plaza; Arriaga Antzokiaren alboa; Bizkaia Aretoa., Nabarmentzekoa da, aurten, Jaialdiak eremu gehiago izango dituela San Frantziskoko hiri ortuan, eta Bilboko Itsasadarrean.

Bilboko Udalak erabaki du uriaren gune hain garrantzitsu hori ere Bilboko Kalealdiaren programazioan sartzea lehenengo aldiz. Hala, bada, Itsasadarra izango da Jaialdiko protagonistetako bat, leku horretarako beren-beregi diseinatutako proposamenekin. Han, bi proposamen izango dira: alde batetik, Nostraxladamus aragoitarren mundu estreinaldi bat, "Volatineros" ikuskizunarekin; Erripa Kaiaren parean ikusi ahal izango da; eta, bestetik, "Le Piano du Lac", Swing and Swim franko-asturiar konpainiarena, Erriberako zubiaren inguruan.

www.bilbokokalealdia.eus