Uniozio

Jutta Koether, Artiumen (I)

Artium, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Jutta Koetherren Black Place erakusketa aurkeztu du (A2 aretoa, 2023ko apirilaren 16ra arte). Erakusketa horretan bildutako lanak hiru hamarkadatan eginak dira, 1987an hasi eta gaur egun arte alegia, eta, gainera, Artium Museoko proiektu horretarako propio egindako obra bat ere badago. Laurogeiko hamarkadaren hasieratik, Koetherren ibilbidea pinturan oinarritu da. Izan ere, artistaren arabera, bitarteko hori aproposa da arte-praktika feministarako; bestalde, idazketa, performancea eta musika ere landu ditu. Erakusketaren harira, Artium Museoak argitalpen bat osatuko du: erakusketaren komisario Beatriz Herráez eta Catalina Lozanoren testuak plazaratuko dituzte, eta Jutta Koether beraren eta Peio Aguirre komisario independente eta idazlearen arteko elkarrizketa bat ere bai.

Jutta Koether (Kolonia, 1958) artista, idazle eta musikariari eskainitako erakusketa horretan laurogeiko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte egindako obrak biltzen dira. Koetherrek, bere lanetan, berriro formulatzen ditu Artearen Historiako kode asko, eta artistaren ikuspegi feministak gainditu egiten ditu pinturaren mugak eta margolaritzaren inguruko aitortza- zein zilegiztatzeprozesuenak. Artistak, bere ekoizpenaren bitartez, ezarritako kontakizunak interpelatzen ditu, aipuak, jabetzeak eta «gaizki-ulertuen potentziala» baliatuta.

Black Place da Jutta Koetherrek 1987az geroztik Espainian egin duen lehendabiziko erakusketa; urte horretan, La Máquina Española galeriak antolatuta, bere lanak erakutsi zituen Rosemarie Trockel eta Bettina Semmer artistekin batera, Sevillan. Urte berean, New Yorkera joan zen estreinakoz, eta han bizi da 1991tik; dena den, Berlinen eta Hanburgon ere egoten da, irakasle jarduten baita Hochschule für Bildende Künste (HFBK) eskolan.

Erakusketaren izenburuak zerikusia du Georgia O'Keefe margolari estatubatuarrak batik bat 1940ko hamarkadan egindako paisaia batzuekin; Aztec inguruan egin zituen, Mexiko Berrian, eta eremu hari Black Place deitu zion [leku beltza]: mendialde ilun bat desertu amerikarrean.

Black Place (2022) erakusketako lehen piezak -artistak propio sortu du proiektu honetarako- Koetherren obrako presentzia errepikakor bat iragartzen du: (balizko) emakume baten buruaren silueta. Pasabide luze baten amaieran kokatuta dago marrazkia, eta metalezko trazatu bat da pareta beltzaren gainean. Antolaketa horrek behartuta, bisitariek huts luze bat zeharkatu behar dute obrara iristeko, eta Koetherren lanaren ezaugarritzat jo daiteke hori, izan ere, espazioa elementu performatibo bat da artistaren obran eta bere denbora sortzeko baliatzen dituen sareetan.

Black Placen bildutako lanak era askotako formatutan eta materialekin eginda daude: esate batera, mihise handiak daude; halakoetan, Boticelli, Rubens eta enparauen obrez jabetzen da Koether, eta ikuspegi feminista batetik galdekatzen ditu; bestalde, formatu txiki eta ertaineko obrak ere badaude, hainbat euskarritan eginak, eta Koetherrek halakoetan bestelako material batzuk baliatzen ditu, pintura tradizionalaren mugak gaindituz, DIY korrontearen eta punkaren eraginpean. Nahiz eta artearen historia Koetherren praktikako subjektu bat izan den beti, jabetzeestrategiak aldatu egin dira denborarekin, eta bere lanetan testuak sartzeko bideak ere moldatu ditu. Bere lehen obretatik argi ikusten da arreta eskaini nahi diela herri kulturako adierazpenei, beste auzi historiko batzuei eta pintura eraikitzeko logikari berari.