Uniozio

Ja! jaialdirik umoretsuena Bilbon (I)

Asteartea eta hamahiru batean aurkeztu zen Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Ja! jaialdiaren hamahirugarren edizioa. Jaialdia hasteko bi aste baino ez ziren falta, eta zuzendariek, Juan Basek eta Carolina Ontiverok, “jaialdia geure buruari, zorte txarrari eta zenbaki horri lotutako superstizioari barre eginez egin” nahi izan zuten.

Horregatik, dena eman da, eta katu beltz guztiak jarri dira, edizio berriak interesa piztu eta ahalik eta gehien gozarazteko. Jaialdia irailaren 29tik urriaren 11ra egingo da, eta egitarauak, hain justu, 13 ekitaldi biltzen ditu. Badaezpada ere, kontuan hartu dugu Raquel Sastre umoristak Naukas Bilbaon "Zientzia, eszeptismoa eta umorea" jaialdiarekin kolaborazioan emango duen saioa, eta, horrela, 14 ekitaldi zenbatu ahal izango ditugu.

Irailaren 29an, Aloma Rodríguezek Caitlin Moran elkarrizketatuko du. Idazle britainiar ospetsu honek literatura, feminismo ortodoxoa eta zuzentasun politikoa aztoratu zituen 'Cómo ser mujer' eleberriarekin. Nazioarteko fenomeno literarioa izan zen. 'Más que una mujer' da bere azkeneko eleberria. Helduaroan idatzi du, eta bere best seller-aren jarraipentzat jo da. Gai desberdinak jorratzen ditu, horien artean denboraren joanak eragindako kalteak, haren alaba nerabearen elikaduranahasmendua, betiko bikotearekin sexu-harremanak eta nola egin berrogei urte bete eta bizirik ateratzeko.

Biharamunean (hilak 30, asteartea), Itziar Lazkano eta Ramón Barea, 'Cómicos de la Legua' lehen euskal antzerki-talde independentearen sortzaileak, izango dira protagonistak. Urriko lehen egunean egingo da Ja! 2022ko lehen programa bikoitza. Javier Cansadok eta Carlos García Gualek hasiko dute. Bikote ezohikoa da, baina egonkorra, eta epikurotarrak, sinposioak eta armonian bizitzen jakitea izango dituzte hizpide. Ziurrenik, epikurotarren printzipioa azalduko digute: "Jakituriak bizipoza lortzeko erabiltzen dituen bitarteko guztietatik laguntasuna da altxorrik handiena".

Ondoren, Jimina Sabadúk, Alberto Olmosek eta Mercedes Cebriánek narrasa eta txepela izatea zer den eta bien arteko kontrakotasun eta antzekotasunak aztertuko dituzte. Hitzorduan, anbar koloreko Duralex katiluetan ateratako tea eta 'Sonrisas y lágrimas' filmeko abestiak nagusituko dira.

Egitarauaren lehen zatia igandean (urriak 2) amaituko da. Saio bikoitza izango da: batetik, 'Kax, kax, kax!' euskal ikuskizuna, non Katixa Agirrek eta Maite Larburuk kantu eta ipuin, letra eta abesti errezitaldia eskainiko diguten. Ekitaldia amaitu aurretik, Diego San José eta Jorge Guerricaechevarría eszenaratuko dira. Komedia-gidoirik onena idazteko amarruak, aholkuak, esperientziak eta zalantzak argituko dituzte. Eta, izan ere, film luzeak idazteko abilezia erakutsi dute jada. Horien adibide dira 'El día de la bestia', 'Muertos de risa', 'Ocho apellidos vascos' eta 'Fe de etarras'.

Egitarauaren bigarren zatia

Urriaren 7an (ostirala) hasiko da egitarauaren bigarren zatia. Umorera eta literaturara joko dute jantzia eta herrikoia bat egiten saiatzeko. Arratsalde horretan, Ja! jaialdia Bizkaia Aretoaren Mitxelena Entzunaretora lekualdatuko da. 'Gatomaquia', Lope de Vegaren poema burleskoaren izenburupean, Gonzalo Tornék eta Laura Fernándezek hizpide izango dituzte egile askok fikziozko pertsonaia bihurtutako katuak, literaturan zein beste arteetan, eta nola katu gaixoek egile horiexen bizikide izatea pairatu behar izan duten. Ondoren, Manuel Vilas idazleak José María Merino egile ospetsua (bereziki ipuinena) eta Hizkuntzaren Errege Akademiako kidea elkarrizketatuko du.

Urriaren 8an (larunbata), Imanol Ituiñok 'Zur eta lur' ikuskizuna estreinatuko du. Magiaz beteko du eszenatokia, eta, geroago, Rodrigo Cortés eta Jonathan Coe izango dira protagonistak. Lehenak laster argitaratuko du 'Verbolario' izeneko hiztegi satiriko, umoristiko eta poetikoa. Horri buruz arituko da hizketan Jesús García Calero kazetariarekin. Coek duela gutxi argitaratu du 'El señor Wilder y yo'. Idazleak sinesgarritasun handia eman dio nobelako protagonista den Billly Wilder-i, eta bere hiru zaletasunak bat egin ditu: literatura, zinema eta musika. Horri guztiari buruz arituko da hizketan, ingelesez, Rodrigo Fresán idazlearekin.

Aurten ere ez da jaialdiko atal finkoa faltatuko. Gonbidatu batek bere umorezko hamar sekuentziarik gustukoenak aukeratuko ditu, eta Juan Basekin haiei buruz arituko da hizketan, pantailan ikusten diren bitartean. Urriaren 9an (igandea), bizi den artean zinemazalea izango den Rosa Belmonteren txanda izango da.

Oraingoan, egitaraua ez da igande batean amaituko, astelehenean baizik. Txani Rodríguez eta Eduardo Halfon izango dira ekitaldiko protagonistak, eta beren literatura-estiloak eta umorearekiko ikuspegiak izango dituzte hizpide.