Uniozio

“Iruña 1972-2022” argazki-erakusketa Iruñean (II)

Balio etnografikoa duten irudiak

Pío Guerendiáinek (Iruña, 1946) José Luis Alexanco eta Luis De Pabloren enkargua jaso zuen 1972ko Iruñeko Topaketetan egin behar ziren ekintza artistikoak dokumentatzeko. Argazkizale gisa, Nafarroako Argazki eta Zinema Elkarteko bazkide zen 1963az geroztik. Erakusketak egileak berak aukeratutako eta parterik handienean Nafarroako Museoak lagatako bilduma zabal bat biltzen du. Izan ere, gaztea izan arren, 1972an eta 1978an Negtor saria irabazi zuen, garai hartan argazkigintzako sari nazionalik ospetsuenetakoa zena.

Haren lana erreferentziazkoa da laurogeigarren hamarkadan sortu eta Espainiako argazkigintzara begirada berri bat ekarri zuten argazkilarien belaunaldian, eta bereziki nabarmentzen da bere irudien balio etnografikoagatik. Bere argazkiak hainbat aldizkaritan argitaratu dira, hala nola Arte Fotográfico, Nueva Lente eta Flash-Foto aldizkarietan, eta baita urtekari eta entziklopedietan ere, batez ere Nafarroakoetan. Guerendiáinek erakusketa ugaritan parte hartu du, banakakoetan nahiz kolektiboetan, eta bere argazkiak bilduma garrantzitsuetako parte dira, esate baterako Parisko Liburutegi Nazionaleko, Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionaleko, IVAMeko edo Nafarroako Museoko bildumetakoak.

Nafarroako Argazki eta Zinema Elkartean, zeinaren Ohorezko lehendakaria baita eta 1976tik 1982ra lehendakari titular izan baitzen, Argazkigintzako San Fermin Erakusketa eta argazkigintza aurreratuko lantegiak (1986tik 1990era bitarte) garatu zituen. Halaber, Contraluz galeria zuzendu zuen 2001etik eta 2011ra, non 100 erakusketatik gora antolatu baitzituen. Haren lanik azpimarragarrienen artean dago, 1972ko Iruñeko Topaketei buruz egin zuen erreportaje bikainaz gain, 1975ean egin zuen New York seriea. Geroago eginak dira Zumaiako kostaldeko flysch geruzei buruzko hiru serieak.