Nafarroako Unibertsitate Publikoak irailaren 29an, ostirala, doako 32 dibulgazio-jarduera egin zituen, publiko guztiei zuzendurikoak, Ikertzaileen Gau Europarrean. Jarduerak, hala nola ibilaldiak, dastaketak, hitzaldiak edo monologo komikoak, NUPeko 80 bat zientzialarik gidatu zituzten.
Programatutako jarduera gehienak Civican kulturgunean egin ziren, hilaren 29an, 17:00etatik 22:00etara, baina, horrez gain, ibilaldi zientifikoak ere egin ziren Iruñeko zenbait lekutan; adibidez, San Andres errotan (Atarrabia) eta Sarion (NUPeko Arrosadiko campusa). Bestalde, irailaren 28an, osteguna, 19:00etan, “Monologo Zientifikoak” ikuskizuna egin zen NUPen. Jarduera batzuetan izena eman behar zen ekitaldiaren webgunean; bertan dago informazio guztia.
NUPek laugarren urtez jarraian hartu du parte ekimenean. Europako 400 hiritan egiten da aldi berean, eta Europar Batasunak finantzatzen du Horizon Europe programaren barrenean. Ikerketa-lana publiko zabalari hurbiltzea du helburu, eta, oraingoan, ardatz nagusiak klima-aldaketara egokitzea, minbiziaren aurkako borroka eta telekomunikazioak eta irrati-astronomia izan zituen. Jarduerok bat zetozen Europar Batasunak munduko erronkei erantzuteko ezarritako misioetako hirurekin. Misio horiek hala nola erronka hauei erantzuten zieten: klima-aldaketarako egokitzapena, minbizia edo hiri adimendun eta klimatikoki neutroak.
Dastaketak, pintxoak, esperimentuak edo ibilaldiak
Hogeita hamar jarduera horiek bost modalitatetan zeuden banatuak: “Zientziazko dastaketak”, “Zientzia-pintxoak”, “Har ezazu parte”, “Zientziazko ibilaldiak” eta “Zientzia artearekin”. Lehenbizikoan, bertaratzen zirenek NUPen ikertzen ari diren produktuak dastatu ahal zituzten, hala nola garagardoak, ardoak edo mahatsak. Gainera, parte-hartzaileek aukera izan zuten NUPeko Germoplasma Bankuan kontserbatzen diren Nafarroako sagar tradizionalen barietateak ikusi eta ukitzeko.
“Zientzia-pintxoak” atalean, unibertsitateko ikertzaileek beren lan-esparruetako aurrerapen eta emaitza nagusiak azaldu zituzten: datuen zientzia, ekonomia zirkularra eta osasuna. “Har ezazu parte” atalean, zientzialariek zenbait tailer gidatu zituzten, besteak beste errealitate birtualari, denbora errealeko 3D holograma interaktiboei, adimen artifizialari, biologiari, matematikari edo ekologiari buruzkoak.
“Zientziazko ibilaldiak” atalak ekitaldiaren erdigunetik ateratzera gonbidatzen zuen parte hartzailea, naturaz goza zezan; izan ere, bertako jarduerek aukera eman zioten ibilaldi gidatuak egiteko ilunabarrean saguzarrak entzutearren, Arga ibaiaren arroan “safari” bat egitearren edo bizikletaz paseatuz ibaien jarduerak eta lurren urruneko jatorriak nola funtzionatzen duten ulertzearren. Halaber, aukera egon zen NUPeko “Jocelyn Bell Burnell” irrati-teleskopioa ere bisitatzeko eta hark atzemandako irudiekin zuzenean konektatzeko; bera da Espainiako unibertsitateetan instalaturik dagoen handiena.
Azkenik, “Zientzia artearekin” atalean, “Inmersants VS Contactiers” performanceak 802.701. urtearen bueltako espazio-denbora zehaztugabe batera eraman zuen publikoa, “Monologo zientifikoak” zientziazko eta umorezko antzerki ikuskizuna eman zuen Big Van Ciencia taldeak, eta haurrentzako hainbat jarduera izan ziren, tartean familientzako tailerrak edo “Yo quiero ser científica” antzezlana.
Nazioarteko proiektu bat
Ikertzaileen Gau Europarra Europako Batzordeak finantzatzen du, Marie Sklodowska-Curie Ekintzen bidez (MSCA) -Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena-, eta Europe Horizon programaren eta Europar Batasuneko Ikerketaren eta Berrikuntzaren Esparru Programaren barnean kokatzen da. Hauek dira haren helburu nagusiak: ikertzaileen figura herritarrengana hurbiltzea haien lana eta gizarteari ekartzen dizkioten onurak ezagutzera emateko; eta genero oztopoak ezabaturik ikasleek karrera zientifikoak hauta ditzaten sustatzea.