Geure artean dira, dagoeneko, unibertsitateko mugikortasun-programetako ikasle bisitariak. Mila ikaslek baino gehiagok egingo dute lehenengo lauhilekoa UPV/EHUn, nazioarteko zein SICUE programei esker. Joan den irailaren 19an, Arabako Campusak egin zuen ongietorri-ekitaldi ofiziala; geroago, ostegunean eta ostiralean, Bizkaiko Campusak eta Gipuzkoako Campusak, hurrenez hurren. Erakundeetako eta unibertsitateko ordezkariek eskainitako harrera horri esker, ikasle bisitariek eskutik eskurako informazioa jasotzen dute UPV/EHUn bertan, datozen hiletan bizileku izango duten lurraldean eskura izango dituzten zerbitzuen inguruan, bertako ikasleak bailiren.
Arabako Campuseko ekitaldian, M. Juncal Gutiérrez Mangado Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea, Manoli Igartua Olaechea Arabako Campuseko errektoreordea eta Borja Rodríguez Ramajo Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetza eta Gardentasun zinegotzia izan ziren.
Arabako Campuseko errektoreordeak gogora ekarri zien bertaratutako ikasleei, berak Birminghamen, Aston Unibertsitatean egin zuela doktorego aurreko egonaldia, bizitzan izan duen esperientziarik politenetako bat izan zela adieraziz. “Beste herrialde batean bizi, adiskidetasun berriak egin, bestelako kultura bat deskubritu, neure burua ere berraurkitu nuen… horiexek gauzak gertatu zitzaizkidan eta zeuei ere, Euskal Herriko Unibertsitatean egingo duzuen egonaldian, halaxe gertatuko zaizkizuela uste dut”, azpimarratu zuen.
Honez gain, gehitu zuen beste unibertsitate batera, herrialde berri batera, mugitzeko egonaldia egitea dela unibertsitateko ikasle bati suerta dakiokeen esperientzia esanguratsuenetako bat dela. “Espero dut gure unibertsitatean izango duzuen egonaldia espero bezain aberasgarri izan dakizuela, bai arlo akademikoan, nola kulturalean, zein pertsonalean, zeuen itxaropen guztiak betez”, amaitu zuen.
Noranzko bikoitzeko mugikortasuna
UPV/EHUko lau ikasletatik batek izaten du nazioarteko mugikortasun esperientziaren bat graduko ikasketetan zehar. Zehazkiago, ikasturte honetan, 2.373 ikasle izan dira gutxienez lauhileko bat atzerriko edo Estatuko unibertsitateren batean aritu direnak, kanpoko unibertsitateetatik gurera etorritakoak 1.072 izan diren bitartean. UPV/EHUk gaur egun 2.000 mugikortasun hitzarmenetatik gora ditu bost kontinenteetako unibertsitateekin. Era berean, hogeita hamar dira jada nazioarteko graduko titulazio bikoitzak, alegia, UPV/EHUk eta atzerriko unibertsitate batek batera eskainitako hezkuntza programak, ikasleek bi gradutako unibertsitate titulua lortzeko aukera dutelarik, bana unean uneko unibertsitate bakoitzean.
Mugikortasun programa horiei esker, Jorge Aspee, Txileko Santiagoko Unibertsitatetik etorri eta Elikagaien Zientzia eta Teknologiako ikaslea, Arabako hiriburuan izango da lauhileko batean. “Nire unibertsitatean bertan gomendatu zidaten UPV/EHUra etortzea eta Gasteizera ikastera etortzea erabaki nuen, Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean emandako gradu horren nazioarteko izen onarengatik. Gainera, Arabako hiriburua aukeratu nuen hiri lasaia delako. Kultura eta herrialdea ezagutu nahi ditut eta lagun berriak egiteko aukera izan”, dio egonaldirako helburu eta asmoak nabarmenduz.
Bere aldetik, Ellis Molinahen Letren Fakultatera etorri da Artearen Historia eta Itzulpengintza ikastera, Nottinghameko Unibertsitatean egin dituen Artearen eta gaztelaniaren historiako ikasketen osagarri. “Vitoria-Gasteiz aukeratu nuen nire hiriaren antza duelako: oso berdea da eta campusa zuhaitz anitzeko parke batetik gertu dago.” Aipatu zuen biziki eskertzekoa dela bizilekua aurkitzeko eskaintzen den laguntza, Euskal Herriko Unibertsitateak atzerriko ikasleentzat eskainitako laguntzak ezagunak direlarik. Lauhileko bateko egonaldia egingo du eta Internet bidez ezagutu zuen fakultatearen eskaintza.
SICUE programaren barruan, Marta Aldea, Antonio Molina eta Sandra Piñeiro ikasleek Farmazia Fakultatean ikasiko dute ikasturte osoan. Salamancako Unibertsitatetik dator Marta eta bere unibertsitatearen bidez izan zuen eskaintzaren berri. “Ez zen nire lehenengo aukera -aitortu du-, baina orain oso pozik nago. Familia dut, gertu bizi dena, eta oso ondo hitz egin didate.” Jende, herrialde eta kultura berriak ezagutzea eta txangoak dira egonaldian zehar erdietsi nahi dituen helburuetako batzuk.
Antoniok, berriz, hasiera-hasieratik izan zuen argi. Granadako Unibertsitateko ikasle hau Coruñan aritu zen ikastaro bat egiten, duela urte batzuk, eta iparraldea gehiago ezagutu nahi zuen, “Granadatik guztiz desberdina dena, askoz berdeagoa. Gainera, Euskal Herriko jendea eta kultura ezagutu nahi ditut.”
Sandra Piñeiro vigoarrak ere bere unibertsitatearen bidez, Santiago de Compostelako Unibertsitatearen bidez, izan zuen trukearen eskaintzaren berri eta, inguru hauei buruzko erreferentziak zituen familiartekoak bitarte. “Santiagoren antzekoena zen, baina desberdina, eta hemen nago”, zioen sinetsita.