Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen 42. edizioa aurkeztu da Bilbon. Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Laura Poderoso BBVA Fundazioako zuzendariordeak eta Itziar Alkorta, Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizioko edukiak aurkeztu dituzte.
Edizio honetan 152 Uda Ikastaro programatu dira. Aurrez aurreko ikastaro gehienak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira eta, aurten ere, presentzia izango da Nafarroan eta Akitania Berrian. Aurrez aurrekoak izango diren ikastaro gehienetan, online zuzenean ere parte hartzeko aukera izango da, eta ikastaroetan parte hartzen duten eragile guztien partaidetza sustatzeko metodologia ezberdinak baliatuko dira hogeitik gora Uda Ikastarotan.
Akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazioko ordezkari eta beharginak, gizarte-eragileak, belaunaldi ezberdinak... guztiak elkartu nahi dira ezagutzaren plazan, gizarteak egun dituen erronken inguruan hausnartu eta ezagutzaren bitartez gizartearen baitan eraldaketa bultzatu asmoz.
Ekonomia Sozial Eraldatzailea
2023an Donostia Gizarte Ekonomiaren Hiriburua izango da eta, horri loturik, Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri izango duen ikastaro eskaintza interesgarria prestatu da.
Pertsonak erdigunean jarriko dituen eta haien garapen profesionala eta ongizatea bultzatuko dituen eredu ekonomiko ezberdinak aurkeztuko dira Uda Ikastaroetan: kontabilitate soziala, langileen partaidetza duten enpresei buruzko esperientziak, enpresa txiki eta ertainen ekonomia- zein finantza-kultura berrirako gakoak eta Euskadiko industria-subiranotasunean aurrera egiteko Km0 zientzia eta teknologia, aztertuko dira, besteak beste.
Gazteak hizpide
Askotariko profilei zuzenduriko eskaintza dago. Aurten, arreta berezia jarriko da gazteengan, eta, gazteei zuzenduriko ikastaro andana izango da uda ikastaroez bete-betean goza dezaten: Itsasoan murgildu ahal izango dute Saltillo eskola-ontzian zenbait egunetako zeharkaldia eginez ozeanoaren iraunkortasunaz eta nabigazioaz aritzeko, edo eta surfaren onurei buruz nahiz futbolak gizartearen eraldaketa tresna gisa duen garrantziaz aritu ahalko dute, baita sexologiari zein musikak gizartean duen eraginari buruz ere.
25 urte arteko gazteek, izena-ematerakoan, erraztasunak izango dituzte. Maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.
Gazteei zuzenduriko ikastaroez gain, gazteek egun dituzten erronkei buruz aritzeko ikastaroak ugariak izango dira.
Giza Eskubideak, ortzi-mugan
Bizitzaz erabateko duintasunez gozatzeko funtsezkoak dira eskubideak eta libertateak. Gizakiaren historiaren luze-zabalean etengabeko erronka izan da, baita gaur egun ere.
2022ko Uda Ikastaroetan Ukraniako gerra izan zen hizpide, eta, tamalez, oraindik gerraren gordintasuna nozitzen ari da. Europan, giza eskubideen sorgune den lurraldean, maila honetako giza eskubideen urraketak, ezbaian jarri ditu nazioarteko itunak, bizitza eskubidea… eta, gizartean nola, lehen lerroan izango dira 2023ko Uda Ikastaroetan. Europar Batasunaren egungo erronkei eta mendebaldeko demokraziek bizi duten uneari buruz EuroBasque Euskopako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak, Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiko legelariek eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak zuzenduriko hiru ikastaro izango dira.
Hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna
Hezkuntzaren bitartez etorkizun hobea eraikitzea da xede eta, zentzu horretan, hezkuntza beraren etorkizuna aintzat hartzekoa da.
Uda Ikastaroetan hezkuntzako profesionalen prestakuntza erronketako bat izan ohi da eta, aurten ere, hezkuntzaren etorkizuna eta prestakuntza helburu duten hainbat ikastaro izango dira: garapen iraunkorrerako hezkuntza eta kulturaren garapena, programazio didaktiko praktikoa lehen hezkuntzan eta eskoletan antzerkia lantzeko tresnak, besteak beste.
Hezkuntzaren baitan, hizkuntzen etorkizunak duen garrantzian jarri nahi izan da azpimarra aurtengo edizioan: haur elebidunen hizkuntza-garapena, hizkuntza gutxituak globalizazio testuinguruan…
Bizi-kalitatea, oinarri
Covid-19 pandemiaren okerrenak agerian utzi du bizi-kalitatearen garrantzia, lehentasunak berrikustearen beharra eta, pauso bat aurrera egin eta erantzukizunez gure osasunarekiko eta zaintzarekiko kontzientzia aldaketa bat beharrezkoa dela.
Zaintzarako alternatiba egokienak hautatu ahal izateko dauden aukerei buruz hitz egin nahi dugu aurtengo edizioan. Norabide horretan, prestatu da edizio honetako eskaintza “bizi-kalitatea, oinarri” izenburupean: elikadura, osasun mentala, zahartzaroa… Askotariko arloak izango dira solasgai.