Prestakuntza

Gorroto-delituen salaketa sustatzeko euskal kanpaina (I)

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek gizartea sentsibilizatzeko kanpaina bateratu bat jarri dute abian herritarrak Euskadin gertatzen diren gorroto-delituak salatzera bultzatzeko, delitu-mota horri aurre egiteko tresna nagusi gisa. Helburua da delitu horiek azaleratzen jarraitzea, gizartean kontzientzia areagotzea eta delitu horiekiko eta delituak egiten dituztenekiko tolerantzia gutxitzea.

Kanpainaren mezua argia eta zuzena da: “Gertatzen bazaizu…, etorri eta salatu!”, Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan, horien lana baita gorroto-delituen xede diren kolektiboak, kolektibo zaurgarriak, babestea eta beren segurtasuna bermatzea.

Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUk egin duten Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021eko Txostenaren arabera, Euskadik 279 delitu erregistratu zituen, gehien-gehienak lesio arrazistak edo xenofoboak (162 pertsonari egin zieten eraso, eta horietako 47 arabiarrak ziren). Biktima gehien izan dituen bigarren kolektiboa erasoa orientazio edo identitate sexualagatik jasan dutenena da (73 kasu), eta, gainera, kolektibo hau da aurreko urtearekin alderatuta igoerarik handiena izan duena: % 46ko hazkunde esponentziala. Kolektibo biktimizatuena, besteen gainetik, gizonezko homosexualena da, salaketa guztien ia % 70 pilatzen baititu (guztira, 51).

Arrazoi horrengatik, Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen kanpaina bateratuak bi kolektibo horiek aukeratu ditu sentsibilizazio-ekintza berri honen ardatz izateko.

Arrazakeria, xenofobia eta LGTBIQfobia

Kanpaina grafiko bat izango da, eta marraztutako 18 pertsonaiaren bidez herritarren aniztasuna irudikatuko da eta dei bat egingo da etnia, jatorria edo sexu-nortasuna edo orientazioa dela eta jazarpen-egoeran dauden edo egon diren pertsonek Ertzaintzara eta Euskadiko udaltzaingoetara jo dezaten eta sala dezaten.

Kanpaina grafikoa kartel, banner eta giff animatuen bidez egingo da, eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren webguneetan eta sare sozialetan egongo da eskuragarri. Gainera, erakunde, entitate, elkarte eta interesdun guztien esku jarriko da jaitsi eta hedatzeko.