Unibertsitatea

Gorka Ortiz de Zarate Bengoa, MUko ikertzailea, fabrikazio aurreratuko Taylor Dominaren irabazle (I)

Fabrikazio aurreratuko ikerketa aplikatuan liderra den CIRP nazioarteko erakundeak Bilbon egin zuen 71. Batzar Nagusia. Mugarri izan zen ekitaldi hori hainbat ikuspuntutatik. Alde batetik, aitortza da Euskadirentzat ekoizpen-ingeniaritzako nazioarteko fororik garrantzitsuenaren egoitza bilakatzea, inplizituki aintzatesten baitu Euskadi erreferentzia dela fabrikazio aurreratuan. Eta, bestetik, nazioartean aitortu zuen Mondragon Unibertsitatearen Errendimendu Handiko Mekanizazioko Ikerketa Taldeko ikertzaile bat; izan ere, fabrikazio aurreratuko sari ospetsuenetako bat eman zion, Taylor Domina, zeinaren bidez esparru horretako lan bikainak saritzen baitzituen. Hain zuzen ere, kongresuaren 71 edizioetan aintzatespen hori lortu duen lehen espainiarra da. Mugarri horrek agerian utzi zuen Mondragon Unibertsitateak fabrikazio aurreratuan eta modelizazioan duela 25 urtetik hona egin duen lana, zeinak nabarmendu egiten baitu estatu osoan.

Industria orokorraren eta, bereziki, aeronautika-industriaren alorrean 2021ean egindako ikerlan batengatik saritu zuten Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Gorka Ortiz de Zarate Bengoa ikertzailea. Eusko Jaurlaritzaren beka baten bidez finantzaturiko doktorego-tesiaren esparruan eginiko lan harekin, cum laude aipamena ez ezik Nazioarteko Doktore aintzatespena ere eskuratu zuen. Hori horrela, Ortiz de Zarateren ikerlanaren emaitzak CIRPek ematen duen Frederick Winslow Taylor domina eskuratu zuen. Mekanizazio-prozesuan txirbilaren eta erremintaren arteko marruskadura ezaugarritzera bideratuta dago lana, eta haren xedea da aurreikuspen-eredu fidagarriagoak garatzea; eredu horiei esker, osagaien mekanizazio-prozesuak optimizatzea lortuko da zalantzarik gabe.

Ikerketa-lanean, Gorka Ortiz de Zaratek teknologia bat garatu du, txirbilaren eta erremintaren arteko ukipen-guneko tentsio normalak eta tangentzialak esperimentalki neurtzen dituena, eta, hortik abiaturik, marruskadura-eredu bat atera daiteke, ebaketa-prozesuaren modelizazioan lortutako emaitzak hobetu ahal izateko.